Olympiakos taldeko entrenatzaile berria da Imanol Alguacil

Andoni Elduaien

Alguacil, Al Shabab taldearen entrenamendu batean. (Al Shabab)

Greziako futbol taldea zuzenduko du aurrerantzean Alguacilek. Jose Luis Mendilibar zaldibartarra ordezkatuko du hark, eta Europa League txapelketan arituko da. 

Imanol Alguacil Greziako Olympiakos futbol taldeko entrenatzaile berria da. Klub horrek duela gutxi eman du entrenatzaile oriotarraren fitxaketaren berri. Dena den, oraindik ez du zehaztu Alguacilek zenbat urterako kontratua sinatu duen. Oriotarrak, gainera, beste euskal entrenatzaile baten lekukoa hartuko du Olympiakos taldean; izan ere, Jose Luis Mendilibar zaldibartarra ordezkatuko du. Besteak beste, Europa League txapelketa jokatuko du Alguacilek Olympiakosekin, Realak lehiatuko duen txapelketa bera.

Iazko uztailean Saudi Arabiako liga profesionalerako bidea hartu zuen Alguacilek. Zazpi hilabete egin zituen oriotarrak Al-Shabab taldean; izan ere, talde hori zuzendu zuen 21 partidatan ez zituen nahi bezalako emaitzak lortu, eta kluba uzteko erabakia hartu zuen, bi urterako kontratua zuen arren. 

Aurrez, oriotarra Realeko entrenatzailea izan zen; 2019tik 2025eko udara arte izan zen txuri-urdinen entrenatzailea, eta ibilbide horretan lorpen historikoak erdietsi zituen: 2019-2020 denboraldian, Espainiako Errege Kopa irabazi zuen; 2023-2024 denboraldian, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen; 2019-2020, 2020-2021, 2021-2022 eta 2023-2024 denboraldietan, Europa Liga jokatzeko txartela eskuratu zuen Realarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide