Imanol Alguacilek ofizialki jakinarazi du Saudi Arabiako Al-Shabab taldea utziko duela

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 17a

Imanol Alguacil, Saudi Arabiako Al-Shabab taldearen txandala jantzita. (Al-Shabab)

Aurreikusitakoak baino emaitza kaskarragoak lortu ditu Imanol Alguacilek Saudi Arabian entrenatzaile gisa egin duen etapan. Zazpi hilabetez zuzendu duen taldeak, Al-Shababek, lau garaipen, zazpi berdinketa eta hamar porrot bildu ditu.

Zazpi hilabete igaro dira Imanol Alguacilek Al-Shabab taldea gidatzeko kontratua sinatu zuenetik, eta 21 partidaren ostean, Orioko entrenatzaileak jakinarazi du Saudi Arabiako kluba utziko duela. Bi urtetarako kontratua zuen zuen Imanolek, baina ez ditu aurreikusitako emaitzak lortu, eta pasa den ostiralean Al Ahli taldearen kontra galdu zuenean (2-5), Saudi Arabiako hainbat komunikabidek ziurtzat jo zuten oriotarrak Al-Shababeko entrenatzailea izateari utziko ziola. Hala ere, gaur arte ez dute erabaki horren inguruko jakinarazpen ofizialik egin.

Imanolek berak iragarri du Saudi Arabiako ibilbidea amaitu duela sare sozialen bidez. "Alde pertsonalean nahiz profesionalean, esperientzia aberasgarria izan da. Ikasketak, errespetua eta proiektu honen parte izatearen harrotasuna daramatzat nirekin", adierazi du oriotarrak. Eskerrak eman dizkie Al-Shabab taldeari nahiz haren afizioari, eta etorkizunean arrakasta izan dezala nahiko lukeela adieraziz esan dio agur klubari.

Talde horren gidaritzan eman duen denboran, lau garaipen, zazpi berdinketa eta hamar porrot bildu ditu Imanolek, eta 18 taldek osatzen duten sailkapenean 14. postuan utzi du Al-Shabab.

Alguacil Realeko entrenatzailea izan zen 2019tik 2024eko denboraldia amaitu arte, eta ibilbide horretan lorpen historikoak erdietsi zituen: 2019-2020 denboraldian Errege Kopa; 2023-2024 denboraldianTxapeldunen Ligarako sailkatu zen; eta Europa Liga jokatzeko txartela eskuratu zuen 2019-2020, 2020-2021, 2021-2022 eta 2023-2024 denboraldietan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide