Datorren astelehenera atzeratu dituzte Andra Mari guneko lanak

Julene Sorarrain

Hasiera batean lanak aurreko astean hastekoak zirela jakinarazi bazen ere, Andra Mari inguruko obrak irailaren 14an hasiko dira, astelehenarekin. Aurretik, ordea, ingurua prestatzeko aldaketak egin dituzte, besteak beste, Arrantzale kaleko zaborgunea Balea kalera lekualdatu. 

Orioko Udalak abuztu bukaeran iragarri bezala, Andra Mari inguruko lanak hasi aurretik hainbat aldaketa egingo dituzte ingurua prestatzeko. Adibidez, aste honetan Arrantzale kaleko zaborgunea Balea kalera lekualdatu dute, Karela kiroldegiko garaje sarreraren ondora, hain justu. Aldaketa horren ondorioz, zabor bilketa "modu seguruan" egin ahal izateko —ontziak kamioiaren eskuinaldean kokatu behar baitira jasoketa egiteko—, Palota kalearen noranzkoa aldatu dute. Horretarako, noranzko berrira egokitzeko, bideko pintaketak egin eta seinaleak aldatuko dituzte.

Hasiera batean lanak aurreko astean hastekoak zirela jakinarazi bazen ere, Andra Mari inguruko obrak irailaren 14an hasiko dira, astelehenarekin. Obraren abiapuntu nagusia inguruko euri-uren bilketa hobetzea eta uholdeei konponbidea ematea da, eta horretarako, lanak hasi aurretik kaleko koten neurketa zehatzak egingo dituzte.

Udalak jakinarazi duenez, aste honetan topografoarekin egiaztapenak egingo dituzte eta datorren astean ekingo diote obrari. Obrak Andra Mari eta kiroldegi arteko eremutik abiatuko dituzte. Bertan, euri-uren sistema egokitzeko lanak eta ponpaketa sistemaren prestaketari ekingo diote.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide