Andra Mariko lanak datorren astean hasiko dituzte eta hiru fasetan egingo dituzte

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 28a

Lanak amaitzean anbulatorio ondoko arranplak hartuko duen itxura. (Orioko Udala)

Otsailean aurreikusi bezala, urtea amaitu aurretik abiatuko dituzte anbulatorioaren, kiroldegiaren eta Andramariko etxeen arteko ingurua berritzeko lanak, eta hamar hilabetetan amaitzea espero dute. Trafikoan irail hasieran bertan izango dira aurreneko aldaketak. 

Orioko Udalak ohar bidez gaur jakitera eman duenez, datorren astean hasiko dituzte Andra Mari ingurua eraberritzeko lanak –ikus hemen proiektua–, eta gutxi gorabehera hamar hilabeteko iraupena izango dute. Construcciones Moyua enpresak egingo ditu obrak, udalak uztaileko udalbatzarrean hari esleitu baitzion lizitazio publikoa.

Proiektua zehazteko, udalak ideia lehiaketa eta herritarrekin parte-hartze prozesua egin zituen aurrena, eta ondoren, lehiaketaren irabazleekin proiektua landu eta "herritarren ekarpenak txertatu" zituen, azkenik exekuzio proiektua osatzeko eta obra lizitaziora ateratzeko.

Obrak hiru fase nagusitan egingo dituztela azaldu dute, eta fase guztietan bermatuko dute inguruko eraikinetara sartzeko irisgarritasuna: alegia, anbulatoriora, Eguneko Zentrora, kiroldegira, Andramariko bizilagunen etxebizitzetara, Orioko Herri Ikastolara eta Arrantzale eta Kaia kaleetako atarietara eta komertzioetara.

Lehen fasean euri-uren bilketa sistema berria eta ponpaketa sistema prestatuko dituzte, inguruan gertatzen diren uholdeak ekiditeko. Fase horrek eragin handiena kiroldegiaren inguruan izango du. Bigarren fasean, Ikastola aurreko plazoletan egingo dituzte lanak –ez dute zehaztu haurrak eskolan diren garaian izango den ala ez–. Hirugarren fasean, azkenik, Arrantzale eta Kaia kaleen inguruan egingo dituzte lanak. Fase batzuk une jakinetan gainjarri egingo dira, "obraren erritmoa eta epeak ahalik eta gehien optimizatzeko". Nolanahi ere, udalak esan du fase bakoitzaren inguruko "informazio zehatza" emango duela, "herritarrek uneoro jakin dezaten zer lan egingo diren eta zer eragin izango duten".

Zabor bilketan eta zirkulazioan aldaketak

Esaterako, udalak jakinarazi du irailaren hasieran bertan Arrantzale kaleko zaborgunea Balea kalera lekuz aldatuko dutela, kiroldegiko garaje sarreraren ondora. Aldaketa horren ondorioz, zabor bilketa modu seguruan egin ahal izateko —ontziak kamioiaren eskuinaldean kokatu behar baitira jasoketa egiteko—, Palota kalearen noranzkoa aldatu egingo dute.

Obra hauek eragozpenak eta aldaketak ekarriko dituzte egunerokoan, eta horregatik, "udalak herritarrei pazientzia, ulermena eta lankidetza eskatu nahi dizkie" datozen hilabeteetarako. "Ahalik eta arreta handiena jarriko dugu eragozpen horiek gutxitzeko eta lanen berri behar bezala emateko", esan dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide