Orioko udalbatzarrak

Construcciones Moyuak egingo ditu Andra Mari eremua berrurbanizatzeko obrak, 2,4 milioi euroko aurrekontuarekin

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 22a

Hiru proposamen aurkeztu ziren lehiaketa publikora, eta aipatu enpresarenak lortu zuen puntuazio altuena. Aho batez onartu zuten hari esleitzea atzoko ezohiko bilkuran. Era berean, herri galdeketako emaitzari fidel, udalbatzak Palotan eraikitzea erabaki du frontoi berria; EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJ abstenitu egin zen.

Herriko bi hirigintza proiektu nagusiren norabideak zehazteko erabakia hartu zuen Orioko udalbatzak,  atzo arratsaldean eginiko ezohiko bilkuran. Alde batetik, osasun zentroaren eta Karela kiroldegiaren arteko Andra Mari eremua antolatzeko eta berrurbanizatzeko obrak egiteko ardura Construcciones Moyua enpresari esleitzea onartu zuten, aho batez. Bestetik, frontoi berriaren kokapenari buruzko herri kontsultaren emaitzarekin bat eginez, Palotan eraikiko dute instalazio berria; EH Bilduren aldeko bederatzi boto jaso zituen puntuak, eta EAJko bi zinegotziak, aldiz, abstenitu egin ziren.

Andra Mari eremuko berrurbanizazioa Enric Mas eta David Camacho arkitektoek diseinatutako Atzera begiratu aurrera egiteko proiektuan oinarritzen da. Joan den maiatzaren 1ean Eusko Jaurlaritzako kontratazio mahaiak berreurbanizazioaren exekuzio proiektua lehiaketara atera zuen, eta hiru enpresa aurkeztu ziren: Sasoi Eraikuntzak, Urdinberri Eraikuntzak eta Construcciones Moyua. Pleguek zehaztutako irizpideak kontuan hartuta, Moyua izan da puntuazio altuena atera duena. Hori horrela, obrak aipatu enpresari esleitzea onartu zuten, 2.419.190,42 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Udal Gobernuak ekainaren hasieran egin zuen frontoi berriaren kokalekua zehazteko herri galdeketa, eta emaitzak berehalakoan jakitera eman zituzten arren, bilkuran ofizialki eman zituzten akten berri. Guztira, 1.295 herritarrek eman zuten botoa egun haietan, eta bi aukeren artean, 1.046 boto jaso zituen Palotako kokalekuak, eta 239 Abaromendikoak; bosna boto baliogabe eta boto zuri kontatu zituzten, halaber. Gehiengoaren nahia pilotalekua Palotan ezartzea bazen ere, udalbatzari zegokion atzo emaitza hori ontzat jotzea eta eman beharreko hurrengo pausoen konpromisoa hartzea, eta gehiengo absolutoz onartu zen, EH Bilduren oniritziarekin.

Herriaren hitza, bete

Koalizioko kideak oso gustura agertu ziren herritarren partea hartzearekin, baina batik bat haien hitza babesteagatik. "Behin herri galdeketa egin ondoren, eta herriari emandako hitza betez, gaur herritarren aukera berretsi dugu, eta frontoi berriaren kokalekua Palota izango da", aditzera eman zuen Lohitzune Solabarrietak. Orain, eman beharreko pausoak "ahalik eta azkarren" emago dituztela nabarmendu zuen, "aukeren nolakotasunak herriko eragile ezberdinekin landuz orain arte egin bezala".

"Orain arteko frontoiaren eraistea eta frontoi berriaren eraikitzea urteetan zehar herrian izan dugun arazoa izan da, eta azkenean arazo hau bideratzea lortu berri dugu", gaineratu zuen EH Bilduko zinegotziak. Gogora ekarri zuen 2023tik frontoia eraikitzeko gune bakarra zegoela herrian, eta hori Abaromendi zela, baina horrek ez zituela "herritarren beharrak eta eskaerak asetzen".  Ekainean onartutako HAPO berriari esker, gune berriak aztertu zituzten, eta bi proposamen eginez herriari, bakoitzak eskaintzen zituen aukerekin. "Bi aukerak mahai gainean genituela erabakia guk geuk har genezakeen, baina herri galdeketa egitea erabaki genuen, herriarentzat hain garrantzitsua den kirol ekipamendu bat non eraiki herriak erabaki behar duela sinesten dugulako", aditzera eman zuen Solabarrietak.

EAJko zinegotzi Jon Basurkok adierazi zuen uda honetako lehentasuna plaza estaltzea izan beharko lukeela: "Lanketa horretan funtsezkoak dira pilotazaleak eta esku pilota elkartearen beharrak asetuko dituen proiektua idaztea. Frontoi garbia, itxia, elkartearen erabilera lehenetsiko duena, tamaina egokia duena, aldagelak, biltoki eta bulegoarekin". Egin beharreko estaltzearen eta eraikinaren proiektuak "aurrekontu, plan ekonomiko eta etekin erreal bat " izatea eskatu zuen Basurkok: "Ez digu balio hemendik zortzi urtera eraikiko den frontoi batek".

Irabazi duen Palotako aukeraren barruan kulturgune proiektu bat ere aurreikusten da, eta horren aurrean kezka agertu zuen EAJk: "Ez genuke partxez beteriko gune bat osatu nahi bertan. Hori horrela, proiektua zehaztea beharrezkoa da oraindik". Frontoi berria eraikitzeko eremua gehiengoz aukeratu bada ere, Orioko jeltzaleek ez dute uste "nahitaez" Palotan kokatu beharko litzatekeenik, eta eremu horretan eraikitzea ezinezkoa balitz, Abaromendin garatzeko aukera zabalik mantendu beharko litzatekeela berretsi zuten.

"Beste ate batzuk"

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak uztailaren 6an eman zion hasiera Orio bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozesuari, eta udalak duela astebete horren berri eman bazuen ere, atzoko bilkuran zehaztuta jaso nahi izan zuten. Olatz Santamaria alkateordeak nabarmendu zuen udal gobernuaren helburuetako bat dela "herritarrek beraien bizi proiektua herrian egiteko aukera izatea". Azken urteetan hainbat neurri hartu dituzte udaletik hori hala izan dadin, baina orain pauso bat haratago emango dute tentsio gune izendatzerakoan. ·

"Honekin beste ate batzuk irekiko zaizkigu herritarrei etxebizitza duin bat izateko aukerak zabaltzeko", gaineratu zuen Santamariak. Neurri batzuk zuzenean Jaurlaritzak hartuko ditu: alokairuaren prezioa zehaztea eta igoera mugatzea, baita hobari fiskalak edo programa zehatzetako laguntzak finkatzea ere. Horrekin batera, Orioko Udalak hiru urtetako etxebizitza plana landu zuen, eta  alkarteordeak zehaztu zuen plan horrek ekintza zehatzak jasotzen dituela, "herritarren premietara egokitzen den etxebizitza parkea" sustatzeko. Epe motzean, tentsio handiko eremu izendapena jasotzean, herritarrei azalpen zehatzak emango ditu udalak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide