Maria Zalduak Espainiako Superkopa irabazi du Rocasa Gran Canaria taldearekin

Julene Sorarrain

Rocasa Gran Canaria taldeko jokalariak, Espainiako Superkopa irabazi berritan. (Rocasa)

Eskubaloi jokalari oriotarrak eta bere taldeak Donostiako Bera Beraren aurka irabazi zuten larunbatean jokatutako partidan. Zalduak, halaber, Guerreras ligako pibot eta jokalari onenaren sariak jaso ditu asteburuan. 

Asteburu biribila izan da honakoa Maria Zaldua eskubaloi jokalariarentzat. Izan ere, Espainiako Superkopa irabazi du Ro’Casa Gran Canaria taldearekin batera. Larunbatean jokatu zuten norgehiagoka Donostiako Bera Bera taldearen aurka, eta, lehia estu-estu baten ostean, 25-23ko emaitzarekin eskuratu zuten garaipena.

Hori ez da izan, ordea, Zalduaren garaipen bakarra asteburuan. Hain zuzen ere, Guerreras Ligako pibot onenaren eta jokalari onenaren sariak jaso ditu oriotarrak, Vigon (Galizia) ospatutako Emakumezkoen Eskubaloi Galan. "Oso pozik nago sari hauek jaso izanagatik; bi sari hauek, ordea, ez dira nireak bakarrik, urte hauetan lagundu nauten taldekide guztienak baizik", adierazi du.

Urte bikaina izaten ari da aurtengoa oriotarrarentzat. Espainiako Liga irabazi zuen ekainean, eta, gainera, Iberdrola Ligako jokalari onenaren XVI. Trofeo Vicen Muñoz saria jaso zuen, denboraldian zehar egindako lana aitortzeko. Etxekoek ere haren esfortzua eta lorpenak zoriondu nahi izan zituzten, eta, horretarako, omenaldi berezia egin zioten Orio Eragin eskubaloi taldeak antolatutako V. Eragin Egunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide