"Udari amaiera polita eta herrikoia emateko asmoz", marmitako jana eta kontzertua antolatu ditu irailaren 4rako Orioko Surf Taldeak (OST). Urteroko ohiturari jarraituz, surf lokalaren inguruan izango da Reggae Gaua, afaria 21:30ean, eta kontzertua ondoren, 22:00ak aldera. "Hereje Fighters talde oriotarraren eskutik reggae musikaz gozatzeko aukera bikaina" izango dela nabarmendu dute surf taldekoek.
Marmitako jana herritar guztiei irekita dago, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Elkartearen lokalean egongo da apuntatzeko zerrenda, eta bazkideak ez direnek surf taldeko bazkide ezagunen baten bidez egin dezakete izen ematea. Horretarako azken eguna asteazkena izango da, irailaren 2a. Egun horretan, 14:00etan amaituko da izena emateko aukera. Afaria 10 euro kostako da pertsonako, eta ordainketa egunean bertan egingo da.
OST-k herritar guztiak animatu ditu uda amaierako festan parte hartzera, "udako azken egun hauetan giro paregabeaz gozatzeko aitzakia ezin hobea baita".