Hereje Fighters, uda sasoiko musika talde soila baino gehiago

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025eko azaroaren 14a

Iñaki Etxeberria Costa Ricatik Oriora noiz etorriko egoten dira zain taldekideak, kontzertuak emateko. Taldea egonkorra da, ordea; 20 urte beteko ditu hurrengo urtean. Orain arteko ibilbideaz, etorkizunaz eta beraien arteko harremanez aritu dira Guka Telebistarekin.

Kanpotik begiratuta, Hereje Fighters musika talde oriotarraren ezaugarri nagusia da uda sasoiko taldea dela, orduan bakarrik ematen dituztelako kontzertuak, eta baita reggae taldetzat hartzen dituztela ere. "Ez dakit nondik atera zuten reggae taldearena!", kexatu da Kosta Tailerreko entsegu gelan Iñaki Etxeberria taldeko abeslari eta baxu-jolea. "Taldearen arima, alma materra" da Etxeberria, Ibon Gaztañazpi taldeko saxofoilari eta teklistaren hitzetan.

Costa Rican bizi da hura, eta haren errua bada, behintzat, kontzertuak soilik uda partean emate hori. Aurten errekorra bete dute: hilabete eta erdian zazpi zuzeneko, astero bat. Hain zuzen, elkarrizketa egin eta biharamunean hartu du itsasoz bestaldera joateko hegaldia Etxeberriak.

Aitortu dute lehen entseatu ere Etxeberria etortzen zenean bakarrik egiten zutela, baina gero, erabaki zuten urte osoan zehar elkartzea, astean behin bederen. Etxeberriak dio nabaritu duela aldea, "onerako". Bera musikari profesionala da Costa Rican, inoiz musika eskola batetik pasatu gabea den arren. "Garrantzitsuena belarri ona edukitzea da nire ustez", dio, "bestela, alferrik". Baietz diote taldekideek. Autodidaktak dira bostetik hiru: Etxeberria bera, eta Fermin Lazkano eta Eñaut Arregi. Taldeko gitarristak eta abeslariak dira horiek. Pentagramez gehiago dakite, berriz, Gaztañazpik eta Manex Barrenetxea bateriak.

Estilo anitzeko taldea

Kontzertuetan bertsio asko jotzen dituzte. Nahikoa da taldekide batek abesti bat proposatzea, bakoitzari "zerbait esanez gero", errepertoriora gehitzeko. Hala, badituzte reggae estiloko abestiak, baina baita rock eta punk abestiak ere. Bost taldekideetatik hiruk abesten dute, eta horrek berak ere aniztasuna ematen die kantuei.

Azken urteetan, beraien abestiak sortzen joan dira, eta kontzertuetan estilo zabala eskaintzen dute, nahiz eta taldeak baduen zerbait batasuna ematen diena; bere soinu propioa. Zu gabe abestia da sortu zuten aurrenetakoa, eta Goiko Kaleko festetan, behintzat, entzule batek baino gehiagok abestu zuen goitik behera. "Arregik sortutakoa da, bera hasi zen abestiak konposatzen", esan du Lazkanok, eta Arregik berak kantatu ohi du bere ahots bereziarekin. "Gertuko pertsona bat falta du, eta hari eskainitako kantua da", gaineratu du Lazkanok.

Taldetik kide asko pasatu direla oroitu dute. Gaur egun egonkortuta dago; Gaztañazpirena izan da azken inkorporazioa. "Sekulako inbidia pasatzen nuen hauen kontzertuetan, inbidia txarra. Eta Iñakik animatu ninduen saxofoi bat erosi eta hura jotzen hastera, eta halaxe egin nuen, gogo askorekin eta lotsa gutxirekin", kontatu du. "Oso desberdinak gara bostok, baina entsegu lokalean sartzen gara, eta Oriotik beste unibertso batera joatea bezala da niretzat". Lazkanok uste du "musikaren magia" dela; "musikak elkartu egiten zaitu".

Barrenetxeak ere heldu dio gairi. Musika talde askotan ibilia da, eta aitortu du inoiz ez zukeela pentsatuko talde bat osatuko zuenik lau kide horiekin."Bakarka hartuta, ez dira aukeratuko nituzkeen perfilak, baina urteen poderioz, saiatuta, aurrera goaz, gustatu ere egiten zaigulako".

Datorren urtean beteko ditu taldeak 20 urte, eta aitzakia polita izan daiteke beren abestiak aurreneko aldiz disko batean jasotzeko. Uda urrun eta gertu dago...

(Elkarrizketa osoa, goiko bideoan)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide