Donostiako Zinemaldiak irailaren 18tik 26ra topaldiaren 74. edizioan ikusgai izango diren ekoizpenak aurkeztu zituen ostiralean Madrilen, tartean hainbat euskal pelikula. Hain zuzen ere, Oskar Alegria zinemagile nafarrak Hamalau gau EITBren euskarazko ekoizpena aurkeztuko du Zabaltegi Tabakalera atalean. Jorge Oteiza eskulturgile oriotarraren unibertsoan murgildu da Alegria, beste behin ere, ikus-entzunezkoa sortzeko.
Hona hemen Zinemaldiak partekatutako filmaren sinopsia: "Film honetan hamalau aldiz eroriko da gaua. Zenbatuko ditugu". Horrela abiatzen da gaueko bidaia musikal hau, Jorge Oteiza euskal artistaren unibertsoan barna doan ibilbidea, non, oroz gain, barnealdeko gau bat nagusituko den: Arantzazuko santutegiko organoaren ondoan gertatzen dena. Han giltzapetuko da Oskar Alegria zinemagilea, hamalau gau horiek Iñar Sastre pianistari kontatu eta kantatzeko, azken honek filmaren irudiak ikusi gabe ere, teklen bidez irudikatzeko helburuarekin. Desafio horretatik sortuko da 14 ilargik, 14 iluntasunek eta 14 misteriok osatuko duten frisoa. Hamalau, Oteizak Arantzazuko fatxadan jartzea lortu zuen apostoluen kopurua delako; eta hamalau, hark berak zioen bezala: "gehiago kabitzen ez zirelako".
Ez da lehendabiziko aldia, ordea, Alegria eskulturgilearen unibertsora gerturatzen dela. Hain justu, Danok Oteiza egitasmoaren harira sortutako Oteiza 14 apotolu ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen urtarrilean, Orioko Kultur Etxean. Oteizaren figura indartzeko eta eraberritzeko sortu dute aipatu egitasmoa, eta Alegriak hamalau artista elkarrizketatu zituen bideoa sortzeko, besteak beste, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga edota Richard Deacon.