Oskar Alegria zinemagilearen Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoak Orion ikusiko du argia ostiralean, Kultur Etxean. Emanaldiarekin batera, Danok Oteiza egitasmoa ere aurkeztuko dute.
Danok Oteiza egitasmoaren harira sortu duzu ikus-entzunezkoa. Nondik dator ideia?
Askok filma edo dokumentala deitu diote proiektuari, baina bideo bat da. Enkarguz egin dut, Danok Oteiza elkarte berriarekin elkarlanean. Ni ere egitasmoaren parte naiz, eta azken finean, Jorge Oteiza eskulturgilearen figura indartzeko edo eraberritzeko sortu dugu. Aurkezpen ekitaldia urriaren 21ean egin genuen, Oteizaren urtebetetze egunean, hain zuzen, Altzuzako [Nafarroa] Oteiza museoan. Proiektu horretatik adar asko atera dira, tartean nik sortutako bideoa. Ikus-entzunezkoaren funtzioa, oro har, Danok Oteiza sostengatzea da. Horretxegatik, nik aukeratutako hamalau 'apostolu' agertzen dira bideoan; zehazki, gaur egun kulturarekin lotuta dauden hamalau artista.
Zergatik aukeratu dituzu hamalau apostolu narrazioa irudikatzeko?
Hamalau apostolu horiek friso bat osatzen dute, nire friso pertsonala, hain zuzen ere. Bideoa sortzerakoan, agian norbaitek beste hamalau artista aukeratuko lituzke. Hala eta guztiz ere, Oteizarekin lotuak daude, eta nik uste dut ez direla 'betiko' artistak. Badaude figura batzuk Oteizari lotutako diskurtsoetan beti agertzen direnak, baina hori ere eraberritu egin nahi izan dut bideoarekin. Hamalau apostolu horien artean ageri dira, besteak beste, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Richard Deacon, Jaione Apalategi, Kepa Akixo eta Esther Ferrer.
Zer irudikatzen du elkarrizketatu bakoitzak?
Apostolu bakoitzak Oteizaren laneko kontzeptu bat arakatzen du. Kontzeptu horien artean ere saiatu naiz bilatzen asko landu ez direnak. Esaterako, cromlecha, Oteizaren eskultura esanguratsuenetako bat, ez da ageri bideoan, baina bai agertzen da maskara. Nazioartean ere ibili naiz, izan ere, eszena batzuk Parisen, Tokion edota Txilen grabatu ditugu, eta beti aurki daiteke Oteizaren arrasto bat leku horietan. Txilen nabariagoa da, zeren bera Hego Amerikatik igaro zen 1935 eta 1948 urteen artean. Adibidez, Tokion badago euskarazko katedradun bat, ni baino hobeto hitz egiten duena euskaraz, eta berak bideoan azaltzen du Oteizak interes handia zuela Japoniako lorategiekiko, batez ere, beren asimetriak eta harriak kokatzeko moduak erakartzen zuten.
Zergatik aukeratu dituzu pertsona horiek?
Pertsona horiek ez dira asko ageri Oteizaren inguruan, eta eskulturgilearen kontzeptuen gainean dantza egiteko aproposak dira. Adibidez, Iban Urizar Amorante musikaria agertzen da, apostoluen aurrean hamalau notako melodia bat sortzen. Oso polita izan zen eszena hori filmatzea. Berak pieza bat sortu zuen apostoluen aurrean jotzeko, eta, era berean, musika horrekin erakusten digu apostolu horiek ez direla hain ezberdinak beren artean. Hain zuzen ere, apostolu bakarra osatzen dute elkarrekin.
Nolako Oteiza saiatu zara erakusten bideoarekin?
Hamalau apostolu horien bitartez erakusten da Oteiza besarkaezina dela. Oteiza guztia liburu edo entziklopedia batean kabitzea ezinezkoa da. Nik uste dut, Oteizari buruz hitz egiten dugunean, beti enigma batekin aurkitzen garela. Eta uste dut hori dela onena: ate bat irekitzen dugu, baina beste ate zarratu bat agertzen zaigu.
Estreinaldia Orion izango da, artistaren jaioterrian. Zer esan nahi du zuretzat bideoa bertan erakusteak? Nola uste duzu jasoko dutela herritarrek?
Dagoeneko ibili naiz Orion; Oteizaren inguruko hitzaldi bat eman nuen Bernardo Atxagarekin batera. Oso esperientzia polita izan zen hura; izan ere, Orio Oteizaren jaioterria izanik, berarentzat oso garrantzitsua zen. Ekitaldi hartan, berak filmatutako klip batzuk erakutsi genituen. Batean Orioko errioan grabatutako estropada batzuk ageri ziren. Oso polita da, bere etxera ere agertzen delako bertan. Bideo hau bere jaioterrian erakustea oso garrantzitsua da, eta aukera egokia da Denok Oteiza elkartea bertan aurkeztea.
Bideoa dagoeneko grabatuta, aldatu al da zure harreman pertsonala Oteizarekiko? Ahalbidetu al dizu prozesuak artistaren beste alderdi bat ezagutzea?
Oteizarengana hurbiltzen garenean, distantzia ere hartu behar da bera konprenitzeko. Bera zurrunbilo bat da, eta harrapatzen zaituenean, oso zaila da bertatik ateratzea. Baina polita da bere misterioan murgiltzea, eta, aldi berean, azalera atera eta arnasa hartzeko tarte bat hartzea, ondoren, bere hutsunean berriro murgiltzeko.
Estreinaldia, Oteizaren jaioterrian
Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu bideoa Orion estreinatuko dute datorren ostiralean, Kultur Etxean. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Proiekzioaren ostean, Alegriarekin eta Jaione Apalategi Oteiza fundazioko lehendakariarekin hitz egiteko aukera izango da.