Udak kresal usaina eta askotariko musika doinuak ekarriko ditu Oriora

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 6a

Ruper Ordorika, kontzertu batean.

Orioko Udalak jakinarazi du aurtengo udako kultur programazioa, eta beste behin, herritarrek protagonismo handia edukiko dute. Esaterako, Maialen Sarasua zinemagileak Los ultimos pastores ikus-entzunezkoa aurkeztuko du, eta Ithakak kontzertua emango du Anari eta Ke Leporekin batera. Ruper Ordorikaren kontzertua eta Jon Plazaolaren bakarrizketa saioa ere izango dira uda sasoi honetan. 

Orioko Udalak jakinarazi du aurtengo udako programazioa, eta eskuorria etxez etxe ere banatu du. Aurreko urteetako ildotik osatu du egitaraua, eta horrek, batez ere, itsaso zaporea eta askotariko musika doinuak utziko ditu. 

Kresal usain handia du egitarauak, arrauneko hitzorduak izango direlako asteburu honetan bertan errioan nahiz itsasoan –ostegun eguerdian aurkeztuko dituzte XIV. Orio Kanpina Bandera, Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada eta Orio Kanpina XIV. Bandera– eta horretaz gain hondartza gunean egingo dituztelako hainbat jarduera: kontzertuak izango dira nagusi, baina baita hondarrezko eskultura tailerra umeentzat, nahiz zinema saioa, hori ere haurrentzat. Kirol portuan, berriz, urteroko arrantza lehiak izango dira. 

Gainera, egitarauko aurreneko jarduera ere hondartzatik bertan egin dute, atzo, igandea, VI. Mola Market azokak hartu baitzuen hango zelai gunea. 

Muntoko berdegunean pasako dute aurten ere abuztua Gure Zirkuko lagunek, eta beren emanaldiak ez ezik, Jon Plazaolaren bakarrizketa saioa eta umeentzako film emanaldi bat ere karpa barruan eskainiko dituzte. 

Musika doinuak parrokiara iritsiko dira Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren eskutik, eta Ruper Ordorika handiak ere herrian emango du kontzertua, tokia oraindik zehazteko dagoen arren. 

Herritarrak protagonista

Beste behin, herritarrek protagonismo nabarmena izango dute udako programazioan. Batetik, Ithaka eta Hereje Fighters taldeek kontzertuak eskainiko dituzte –aurreneko horrek Anarirekin batera–, eta bestetik, herriko zenbait sortzailek beren lanak aurkeztuko dituzte jendaurrean: batetik, Iñaki Iturainek TerritOrio remero. Orioko arraunaren historia liburua aurkeztuko du herritarren aurrean, eta bestetik, Maialen Sarasua zinemagileak Los ultimos pastores ikus-entzunezkoa erakutsiko du. Berak muntatu du dokumentala, eta proiekzioaren ondoren hitza hartuko du Samu Fuentes zuzendariarekin batera. 

Egunez egun eta astez aste, honakoa da udako programazioa:

Uztaila

  • Uztailak 11, larunbata: XIV. Orio Kanpina Bandera. 11:00etan hasita, KAE 1 ligako estropadak, errioan. 
  • Uztailak 12, igandea: Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada eta Orio Kanpina XIV. Bandera. 11:20ean hasita, itsasoan, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. 
  • Uztailak 17, ostirala: Ithaka, Anari eta Ke Lepo taldeen kontzertuak, 20:00etan hasita, hondartzan.
  • Uztailak 19, igandea: Ibai Paredesen Oroimenezko Urpeko Arrantza Lehiaketa, 09:00etatik 16:00etara, kirol portuan. 
  • Uztailak 21, asteartea: Looney Tunes marrazki bizidunen Lurrak eztanda egin zuen eguna filma emango dute hondartzako berdegunean.
  • Uztailak 24, ostirala: Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren harira, emanaldia eskainiko dute Antonio Canovas (saxoa) eta Ruben Diez (organoa) musikariek 19:30ean Bariko San Nikolas parrokian.
  • Uztailak 25, larunbata: Muskuilu Harria arrantza elkarteak antolatuta, arrain txikien txapelketa jokatuko dute goizeko 09:00etatik 13:00etara bitartean, kirol portuan.

Abuztua

  • Abuztuaren 1etik 22ra: Gure Zirkua, Muntoko berdegunean. Informazio guztia, esteka honetan
  • Abuztuak 6, osteguna: bakarrizketa emanaldia Jon Plazaolaren eskutik, 20:00etan Gure Zirkuaren karpan. 
  • Abuztuak 13, osteguna: hondarrezko eskulturen tailerra haurrentzat Andoni Bastarrikaren eskutik, 11:00etan, hondartzan. 
  • Abuztuak 20, osteguna: zinema haurrentzat: Azerik eta erbik basoa salbatzen dute filma, 21:00etan hasita, Gure Zirkuaren karpan.
  • Abuztuak 23, igandea: Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, emanaldia eskainiko du Miriam Hontana eta Sonia Benavent biolin jotzaile bikoteak, 20:30ean hasita, Bariko San Nikolas parrokian.
  • Abuztuak 29, larunbata: Bikamiotako jaiak, egun osoan zehar. 

Iraila

  • Irailak 4, ostirala: Orioko Surf Taldeak antolatuta, kontzertua eskainiko du Hereje Fighters taldeak.
  • Irailak 11, ostirala: Ruper Ordorikaren kontzertua. 22:00etan. Tokia zehazteko. 
  • Irailak 15, asteartea: TerritOrio remero. Orioko arraunaren historia liburua aurkeztuko du Iñaki Iturainek 19:00etan hasita, Kultur Etxean.
  • Irailak 19, larunbata: Zaintzari buruzko herri akordioa aurkeztuko dute. Ordua eta tokia aurrerago zehaztuko dituzte. 
  • Irailak 25, ostirala: Los ultimos pastores ikus-entzunezkoa proiektatuko dute 20:00etan, Kultur Etxean. Ondoren, solasaldia eskainiko dute Samu Fuentesek eta Maialen Sarasua Olidenek.
  • Irailak 26, larunbata: Begi Bistan elkarteak antolatuta, Behoria Garbia egitasmoko jarduerak egingo dituzte errioan nahiz Herriko Plazan egun osoan zehar.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide