Eneko Gaztañaga boxeolari oriotarra Espainiako Txapelketa irabazteko lehian izan da azken egunotan. Izan ere, maiatzean 80 kiloko kategorian Euskadiko Boxeo Txapelketa eskuratu ostean, Espainiako Txapelketan parte hartzeko sailkapena lortu zuen.
Txapelketa astelehenean hasi zen Badajozen (Espainia), eta oriotarra euskal selekzioaren ordezkari gisa aurkeztu zen. Hala ere, atzo jokatutako lehenengo borrokaldian David Gil madrildarraren aurka galdu eta lehiatik kanpo geratu da.
Ibai Marin River Box & Roll klubeko entrenatzailearen esanetan, Gaztañagak maila ona eman zuen ringean: "Hiru erasoetan bere guztia eman zuen, baina amaieran ezin izan zuen aurkaria menderatu". Marinek azaldu duenez, Gil ez zen kolpe indartsueneko boxeolaria, baina ringean oso ondo mugitzen zen: "Golpeetatik ihes egiteko gaitasuna erakutsi zuen. Borroka oso gogorra izan zen, eta, azkenean, puntuetan nagusitu zen".
Kanporatua izan arren, Gaztañagaren entrenatzaileak oso balorazio positiboa egin du txapelketan bizitakoaz. "Esperientzia ikaragarria izan da. Ziur nago Enekok asko ikasi duela prozesu honetan, eta, gainera, boxeo amateurra beste maila batean ezagutzeko aukera eman digu", adierazi du. Gainera, Marinek eta Gipuzkoako Boxeo Federazioko lehendakari orde Libana Taboadak Badajozen igaroko dituzte datozen egunak euskal selekzioko gainontzeko boxeolariei laguntzen, eta etxera dominaren bat ekartzea espero dute.