Larunbatean amateurren Euskadiko Boxeo Txapelketa jokatu zen Legution (Araba), eta Eneko Gaztañaga oriotarra txapelarekin itzuli zen etxera. River Box & Roll klubeko boxeolaria elitean lehiatu zen, 80 kiloko kategorian. Yedri Consuegra arabarraren kontra borrokatu zen, eta oriotarrak irabazi zuen lehia. Hiru minutuko hiru asalto izan ziren, eta aurreneko bietan Gaztañagak konbatea "oso ondo defendatu" zuela kontatu dute herriko boxeo klubeko arduradunek. Hirugarrenean gehiago kostatu zitzaion oriotarrari "aurreneko bietan asko-asko eman zuelako".
Ibai Marin entrenatzaileak nabarmendu du distantzia motzean sartzea gustatzen zaiola Gaztañagari, eta "beti aurrera" egiten duela, "horrek dakartzan arriskuekin". Dena den, hirugarren asaltoan ere konbatearen kontrola berreskuratzea lortu zuen oriotarrak, garaipena eskuratuz. Marinentzat "txalogarria" izan da bere entrenamendu eta preparazio guztia.

Orain, Espainiako lehia buruan
Klubekoek azpimarratu dute "oso pozik eta oso harro" daudela aurreneko aldiz klubean Euskadiko txapeldun bat dutelako, eta larunbatean "klubeko kide guztiengandik jasotako berotasuna" ere biziki eskertu dute.
Larunbateko garaipenak Espainiako Txapelketarako txartela eman dio boxeolari gazteari. Ekain amaieran eta uztail hasieran jokatuko dute Badajozen (Espainia), eta entrenatzaileak jakinarazi du harako prestaketei ekingo diotela orain, "deskantsu oso labur bat egin eta gero".