Erronkaz erronka dabiltza gaztetxoak, sanpedroen azken txanpan

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 30a

San Pedro jaiei amaiera emateko, Gazte Erronka antolatu du beste urte batez Txurrumuski aisialdi elkarteak. Asmakizunak, orientazio probak eta talde lanak uztartuta, herriko kaleetan barrena ibili dira gaztetxoak azken jai egunaz gozatzen. Bazkalostean jarraituko dute gainontzeko erronkekin.

San Pedro jaiei amaiera iritsi zaie, eta herriko gaztetxoek merezitako agurra eman diete gaur. Txurrumuski aisialdi elkarteak antolatuta, Gazte Erronka egin dute goizean herriko kaleetan barrena. Parte hartzaileak goizean goiz elkartu dira plazan, erronkari ekin aurretik begiraleen azalpenak entzuteko.

Ondoren, taldetan banatu dira, eta partaide bakoitzak asmakizun bat ebatzi behar izan du. Lortutako pistarekin, udaletxe atzera joan dira korrika, eta han, beste taldekide batekin batera, esaldi bat deszifratu behar izan dute. Esaldia asmatutakoan, eliza aldera igo dira, eta bertan, mapa baten laguntzaz, herriko puntu jakin batera iritsi behar izan dute orientazio jolas baten bidez. Helmugara iritsitakoan, herriko txoko baten argazkia aurkitu dute, eta irudi hori ahalik eta zehatzen berreraiki behar izan dute. Argazkia azkarren edota hobekien berreraikitzen zuen taldeak lortuko zituen puntuak. Horretarako, gainera, herritarren laguntza behar izan dute materiala eskuratzeko.

Goiza erronkaz erronka igaro ondoren, plazara itzuliko dira lortutako puntuekin bazkari bereziak prestatzera. Bitartean, arratsaldeko jardunaldirako indarrak berreskuratzeko tartea ere izango dute. Izan ere, bazkalostean jarraituko dute ekintzekin: errioan ariko dira zubitik salto egiten eta paddle surf taulekin alde batetik bestera jolasean.

Gainerako herritarrek ere gaur arratsaldean agurtuko dituzte festak ofizialki. Horretarako, herri kirolen erakustaldia eta kalejira antolatu dituzte. Hona hemen gaurko egitaraua:

Gaur, asteartea: San Pedro bigarrena

  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 18:00. Herri Kirolak, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Pelotari, Iturbide, Kale Nagusia eta Herriko Plaza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide