Dantzariena zein musikariena izan da arratsaldea

Intza Trula 2026ko ekainaren 29a

San Pedro egunaren arratsaldea erraldoi eta buruhandien kalejirarekin hasi dute Orion. Jarraian, soka dantza egin dute Herriko Plazan, eta emanaldia amaitzean, Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren kontzertuaz gozatu dute hainbat eta hainbat herritarrek.

San Pedro jaiak bere azkenera iristen hasiak dira dagoeneko, baina oraindik ere festa giroa sumatzen da herrian. Gaur arratsaldean ere izan da zer ikusia eta zer entzuna, eta herritar ugari gerturatu da horietara. 

Hain justu, buruhandien eta erraldoien kalejirarekin hasi da giroa berotzen. Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin batera egin dute desfilea, Orioko hainbat txokotatik barrena. Haur mordoa ibili da buruhandiengandik ihesi, hara eta hona korrika, nekatu arte.

Herriko Plazan amaitu dute ibilbidea, eta horrekin batera, soka dantzaren ikuskizunari eman diote hasiera. Giro polita sortu da dantzarien eta ikusleen artean, eta une batean herritar horietako batzuk ere atera dituzte plazaren erdigunera, dantzara. Emanaldia amaitzean, bandak kontzertua eskaini du oholtzan.

23:00etatik 02:00etara kontzertuak eskainiko dituzte gaur Herriko Plazan, eguna amaitzeko. Bihar, festen azken egunean, ondorengoa izango da egitaraua:

Bihar, asteartea, San Pedro bigarrena

  • Goizean, II. San Pedro Erronka: talde jolasak eta bazkaria, 10 eta 14 urte arteko gaztetxoentzat, herrian barrena.
  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 18:00. Herri Kirolak, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Pelotari, Iturbide, Kale Nagusia eta Herriko Plaza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide