Zapore berritzaileak eta otoitz doinuak, San Pedro eguna ospatzeko

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 29a

Gaztetxoen pintxo lehiaketarekin hasi dira San Pedro eguneko ospakizunak. LH3-DBH1 arteko 11 taldek hartu dute parte txapelketan, eta aurkeztutako sorkuntza guztien artean, saria kalabazin pintxo mistoak eraman du. San Nikolas elizan, berriz, meza nagusia eskaini dute goizean, Salatxo abesbatzaren laguntzarekin. 

San Pedro jaiak gogotik ospatu dituzte asteburuan oriotarrek, eta ondorioz, herria beranduago itzartu da gaurkoan. Dena den, gaztetxoak gogoz irten dira kalera, Orioko Herri Ikastolak antolatutako pintxo lehiaketan parte hartzera. LH3 eta DBH1 arteko 11 talde lehiatu dira, eta irudimenaz baliatuz, pintxo hotzak zein beroak egin dituzte plazan jarritako mahaietan. Ordubete izan dute euren sorkuntzak prestatzeko, eta, ondoren, talde bakoitzak pintxo bat aurkeztu dio epaimahaiari.

Epaimahaiko kideek, zaporeaz gain, originaltasuna eta pintxoari jarritako izena ere izan dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan. Hala, Kalabazin pintxo mistoa izenekoa gustatu zaie gehien, eta horiek jaso dute saria. Gainontzeko partaideen artean ere beste sari bat zozkatu dute, eta irabazleak Eguzkilore zoragarriak pintxoaren egileak izan dira. Hori horrela, bi talde saridunek Mirotza tabernan afari merienda bana lortu dute. Behin lehiaketa amaituta, egindako lanaz gozatzeko momentua izan dute sukaldari gazteek.

Sari banaketa egiten ari zirela, San Nikolas elizan ere izan da zer ospaturik. Hain zuzen ere, San Pedro eguneko meza nagusia eskaini dute bertan, Salatxo abesbatzaren laguntzarekin. Hainbat herritar gerturatu da emanaldia aurrez aurre entzutera.

Gaur, astelehena: San Pedro Eguna

  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin, kalez kale. Ibilbidea: Eusko Gudari, Herriko Plaza, Ibai Ondo, Aita Lertxundi, Aritzaga eta Herriko Plaza.
  • 19:00. Soka dantza eta jarraian, Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
  • 23:00-02:00. Gaueko emanaldiak: Muzak eta DJ Siwanaba, Herriko Plazan.

Bihar, asteartea: San Pedro bigarrena

  • Goizean, II. San Pedro Erronka: talde jolasak eta bazkaria, 10 eta 14 urte arteko gaztetxoentzat, herrian barrena.
  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 18:00. Herri Kirolak, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Pelotari, Iturbide, Kale Nagusia eta Herriko Plaza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide