Etxeko txikienek eman diote hasiera Harrotasunaren Egunari

Aiora Arriola 2026ko ekainaren 28a

Bizijolasek antolatutako jolasetaz gozatu dute haurrek goizean goiz, eta, ondoren, Kantu salda poteo musikatuak girotu ditu kaleak, herritik barrena kantuak abestuz. Arratsaldean ere gogotsu jarraituko dute oriotarrek festan, kirol eta musikaz beteriko ekintzak direla eta.

Atzoko txupinazoaren ostean, herritarrak bete-betean murgildu ziren festa giroan, eta askok gaur goizaldeko ordu txikiak arte luzatu dute ospakizuna. Horregatik, gaur goizean haurrek hartu dute lekukoa: esnatu bezain laster kalera irten dira, Bizijolasek antolatutako jolasetan parte hartzera.

Muntoko berdegunean ibili dira gaztetxoak zenbait jolas eta jarduera egiten: eskulanak, hondarrezko gazteluak, kartoizko etxeak eta ur jolasak, besteak beste.

Adin guztietako haurrak gerturatu dira gunera, eta bakoitzak gustukoen izan duen jardueran amaitu badu ere, ia denek probatu dituzte proposamen guztiak. Lagunekin ondo pasatzeko aukera ez dute alferrik galdu.

Ondoren, 12:30ean, Kantu salda poteo musikatua abiatu da kalez kale, ohiko kanten bertsio desberdinak eskainiz. Eguerdia iritsi ahala, jende gehiago hurbildu da plazara, eta gaur ere giro apartan jarraitu dituzte festak. Atzoko gau luzeak nekea utzi badu ere, festa egiteko gogoa ez da falta izan.

Arratsaldean, umeak eta gazteak izango dira berriz ere protagonista nagusiak. Izan ere, Zaragueta Herri Eskolan pilota partidak jokatuko dituzte. Ondoren, festa herrigunera itzuliko da: bertso saio elektronikoa eta kalejira izango dira aldi berean.

20:00etan, berriz, lehen aldiz antolatuko den I. Goiko Karrera lasterketa herrikoia jokatuko da. Parte-hartzaileak adin tarte desberdinetako lau laguneko taldeetan banatuko dira, eta 1,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Gauean ere etenik gabe jarraituko du festak, asterartera arte:

Ekainak 28, igandea: Harrotasunaren Eguna

  • 17:00. Haur eta gazteen pilota partidak, Zaragueta Herri Eskolan.
  • 18:00. Bertso saio elektronikoa, Herriko Plazan.
  • 18:30. Erraldoi eta buruhandien kalejira herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Arrantzale, Baxoalde, Palota, Balea, Arrantzale, Abeslari, Eusko Gudari eta Herriko Plaza.
  • 20:00. I. Goiko Karrera.
  • 23:00-05:00. Gaueko emanaldiak: Malko, Tatta, DJ Fifi eta Fefa, eta La Fulana, Herriko Plazan.

Ekainak 29, astelehena: San Pedro Eguna

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 11:00. Pintxo lehiaketa, Herriko Plazan.
  • 12:30. Meza nagusia Salatxo abesbatzak kantatuta, elizan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin, kalez kale. Ibilbidea: Eusko Gudari, Herriko Plaza, Ibai Ondo, Aita Lertxundi, Aritzaga eta Herriko Plaza.
  • 19:00. Soka dantza eta jarraian, Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
  • 23:00-02:00. Gaueko emanaldiak: Muzak eta DJ Siwanaba, Herriko Plazan.

Ekainak 30, asteartea: San Pedro bigarrena

  • Goizean, II. San Pedro Erronka: talde jolasak eta bazkaria, 10 eta 14 urte arteko gaztetxoentzat, herrian barrena.
  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 18:00. Herri Kirolak, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Pelotari, Iturbide, Kale Nagusia eta Herriko Plaza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide