Giro ezin hobearekin eman diote Arrantzale Egunari hasiera oriotarrek

Aiora Arriola 2026ko ekainaren 27a

Dantzarien, kantarien, musikarien eta erraldoien kalejira, sardina jana, saregileei eta arrantzaleei omenaldia eta herri bazkariarekin hasi dira herritarrak San Pedro Jaietako Arrantzale Eguna ospatzen. Arratsaldean eta gauean ere izango dira ekitaldiak, hala nola, erromeria, elektrotxarangaren emanaldia eta txupinazoa.

Gogo handiz hasi dute herritarrek San Pedro jaietako bigarren eguna. Arrantzaleekin zerikusia daukaten elementuekin apaindu dituzte etxeetako balkoiak, eta goizean goiz arrantzalez jantzita irten dira kalera herritarrak, festarako irrika nabarmenarekin.

11:00etan dantzari, kantari, musikari eta erraldoiekin batera kalejiran ibili dira herriko kaleetan zehar, txoko guztiak girotuz. Tartean euri pixkat ere egin du, baina ongi etorria izan da, pasatu diren egun beroen ostean. Ibilbidea amaitu bezain laster, sardina janaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek Herriko Plazan, Oteizaren Pietate azpian eta Endaia plazan. Ordurako ateri zegoen, eta jende mordoa hurbildu da bertara mokadua egitera.

Zertxobait beranduago, 13:30 aldera, saregileei eta arrantzaleei omenaldia egin diete Herriko Plazan. Ekitaldian zenbait dantza egin dituzte, eta herritar ugari gerturatu dira udaletxearen aurrera emanaldia ikustera.

Horren ondoren, Euskal Parrillaren eskutik antolatutako Arrantzale Eguneko bazkaria dastatu dute hainbat lagunek. Festak hasi aurretik, otordurako 400 txartel jarri zituen herritarren eskura udalak, eta guztiak di-da saldu ziren.

Sabelak ondo beteta jarraituko dute herritarrek jaiez gozatzen. 17:00etan, Bide Batez taldearen erromeriarekin hasiko dute arratsaldea. Gero, txupinazoaren aurretik, Burrunba elektrotxaranga ibiliko da kalez kale.

Hona hemen gaurko, Arrantzale Eguneko, arratsaldeko eta gaueko egitaraua:

Ekainak 27, larunbata: Arrantzale Eguna

  • 17:00. Erromeria, Bide Batez taldearen eskutik, Herriko Plazan.
  • 19:00. Burrunba elektrotxaranga, Hendaia plazan.
  • 20:00. Txupinazoa, udaletxeko balkoitik.
  • 20:20. Erromeria, Bide Batez taldearen eskutik, Hendaia plazan.
  • 23:00-04:00. Gaueko emanaldiak: Silitia, DJ Aitana Grandes eta DJ Irune Muguruza, Herriko Plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide