Sanpedroak direla-eta, Orioko Udalak jakinarazi du aurten ez dutela Herriko Plaza pareko errepidea erabat itxiko. Horren ordez, hiru jarduera zehatzen bueltan soilik itxiko dute errepidea. Lehen mozketa gaur egingo dute, 10:30etik 14:30era, Arrantzale Eguneko ekitaldiari lotuta. Bigarrena bihar izango da, 19:30etik 21:00etara bitartean; tarte horretan ezingo da herrigunetik irten, Goiko Karrera dela-eta. Azkenik, asteartean, 16:00etatik 19:00etara itxiko dute errepidea, Txurrumuski aisialdi taldeak antolatutako gazteentzako erronka tarteko.
Horrez gain, festetako hainbat ekitalditan, besteak beste, txaranga, erraldoiak edota Arrantzale Eguneko kalejiraren orduan, trafikoa puntualki geldituko dute. Kasu horietan, udaltzainen eta ekitaldienn antolatzaileen bitartez bideratuko dute trafikoa.
Igandean, Donostiako triatloia
Azkenik, udalak jakinarazi du igandean Donostiako Onditz triatloia pasatuko dela herritik. Usurbil aldetik iritsiko dira txirrindulariak Oriora, hain justu N-634 errepidetik, eta Igeldorako bidea hartuko dute Txankatik barrena. Ondorioz, Txankako aldapa eta Benta bidea itxita egongo dira 10:00etatik 11:30era, eta tarte horretan ezingo da autobiderako sarrera-irteera erabili.
Beraz, herrigunetik irteteko Ibai Ondo pasealekua erabili beharko dute ibilgailuek. Aldiz, 2,40 metro baino altuago diren ibilgailuek Iturbide kaletik irten beharko dute, eta Txanka hondartzako errepidetik bideratuko dute autobiderako sarrera-irteera.