Musika elektronikoa bat-bateko bertsolaritzarekin uztartuz oholtza gainean

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 25a

'Itzali eta piztu' proiektuko Aner Peritz, Libe Goenaga eta Manex Pagola. (Bertsoa.eus)

Harrotasunaren Eguneko egitarauaren barruan, Itzali eta piztu izeneko bertso saio elektronikoa eskainiko dute igandean, Herriko Plazan. Gai jartzaile lanetan ariko da Ainhoa Urien, eta bertsotan, berriz, Eli Pagola, Julio Soto, Ekhiñe Zapiain eta Peritz jardungo dira. Ekintzaren helburua musika elektronikoa bat-bateko bertsolaritzarekin uztartzea da.

Zer dira herriko festa batzuk bertso saiorik gabe? Bada, Aner Peritz zarauztarrak, Libe Goenaga getariarrak eta Manex Pagola hernaniarrak proposamen tradizional bezain alternatiboa antolatu dute San Pedro jaietarako. Hain zuzen ere, Harrotasunaren Eguneko egitarauaren barruan, Itzali eta piztu izeneko bertso saio elektronikoa eskainiko dute igandean 18:00etan, Herriko Plazan. Gai jartzaile lanetan ariko da Ainhoa Urien, eta bertsotan, berriz, Eli Pagola, Julio Soto, Ekhiñe Zapiain eta Peritz jardungo dira.

Ekintzaren helburua musika elektronikoa bat-bateko bertsolaritzarekin uztartzea da. "Bertso musikatuak ez dira kontu berria, baina gure erronka izan da autotunea eta bertsolaritza inprobisatua doinu elektronikoetara eramatea", kontatu du Goenagak. Iazko udazkenean eskaini zuten lehenengo emanaldia Eibarren (Gipuzkoa), eta jasotako harrera ona ikusita, egitasmoa beste hainbat espaziotara eramaten jarraitu dute.

Oraingo honetan, ordea, herriko festen erdigunean eskainiko dute bertso saioa, eta orokorrean gazte jendea erakartzen duen arren, helduenek ere gozatzeko modukoa da. "Bertso saio musikatu baten egitura berbera du, hau da, hitzak du garrantzia. Baina, aldi berean, bertan erabiliko diren musika instrumentuak ezberdinak izango dira. Gaiei dagokienez, horiek gaurkotasun bat izateko saiakera egin da", azaldu du Goenagak. Sintetizagailuen bitartez, gainera, zuzeneko musika inprobisatua sortuko du Pagolak, "musikak ere analogikoa izan behar duelako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide