Sanpedroetako III. Kronoigoera, bertan behera

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 25a

Parte hartzaile bat, iazko kronoigoeran. (Intza Trula)

Aldapa zikloturista elkarteak antolatzen duen jardueran herritar gutxik eman omen dute izena, eta boluntario falta ere ba omen dute, elkarteak berak azaldu duenez. Erabakia zaila izan arren, "segurtasuna eta kalitatea lehenetsi" dituztela nabarmedu dute. 

Sanpedroetan hirugarrenez egitekoak ziren aurten kronoigoera. Ekainaren 28an, igandearekin, egin behar zuten bizikleta igoera Herriko Plazatik alde zaharrerantz eta San Martin ermitara, baina gaur jakinarazi dutenez, proba bertan behera gelditu da. 

Batetik, herritar gutxik eman omen du izena, eta bestetik, proba egin ahal izateko boluntario falta ere ba omen dute. 

Aldapa zikloturista elkarteak antolatzen du proba, eta erabakia zaila izan dela aitortu du, udalak bere webgunean jakitera eman duenez. "Egitasmo honen helburua kirola sustatzea eta herrian giro polita sortzea da, eta aurreko urteetan garbi ikusi dugu. Hala ere, proba behar bezala antolatzeko ezinbestekoak diren baliabideak eta parte hartzaileen kopurua bermatu ezin izan direnez, segurtasuna eta kalitatea lehenetsiz, ekitaldia bertan behera uztea erabaki dugu", azaldu dute.

Elkarteak eskerrak eman dizkie interesa azaldu eta izena eman duten guztiei, baita laguntzeko prest agertu diren boluntarioei ere. Antolatzaileek adierazi dute gertatutakoaren inguruan hausnarketa egingo dutela, eta etorkizunean ekimena berriz martxan jartzeko aukera aztertuko dutela, horretarako baldintza egokiak daudenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide