Asteburu honetan hasiko dute liga Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek eta emakumezkoek Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoya herrian, eta antolatzaileek jada plazaratu dituzte arraunlarien zerrenda ofizialak. Esteka honetan ikus daiteke gizonezkoen zerrenda osoa, eta beste honetan, aldiz, emakumezkoena.
Gizonezkoetan, guztira 22 arraunlarik –patroia barne– osatzen dute plantilla, eta iaz bezala, Iker Zabala bermeotarrak gidatuko du taldea, eta Gorka Aranberri donostiarra ariko da patroi lanetan. 22 gizonetatik bederatzi harrobikoak dira, eta horietatik zazpi dira oriotarrak, eta bi aiarrak.
Emakumezkoetan, 21 arraunlarik osatzen dute plantilla, eta aurten, hamar urteren ostean, Xanti Zabaletak entrenatuko du berriro taldea. Patroi lanetan, berriz, Maider Echaniz oiartzuarra ariko da. 21 arraunlari horietatik, zortzi harrobikoak dira: sei oriotarrak, eta Zarauzko nahiz Aiako bana.
Ligari ekiteko prest
Madrilgo Erkidegoko Buitrago del Lozoya herrian jokatuko dituzte Eusko Label zein Euskotren ligen 2026ko denboraldia abiatuko duten estropadak igande honetan.
Eusko Label Ligan lehiatuko diren Orioko eta Getariako gizonezko arraunlariak, nahiz Euskotren Ligan ariko diren Orioko eta Zumaiako emakumeak Bandera Pueblos con Vida Comunidad de Madrid – Canal Isabel II estropadan uretaratuko dira aurten estreinakoz, Buitrago de Lozoyako Riosequillo urtegian. Estropada binakako erlojupeko formatuan jokatuko dute; 6 luze eta 5 ziaboga egingo dituzte gizonezkoek, eta 4 luze eta 3 ziaboga emakumeek.