Herritar batzuen ekimenez, I. Goiko Karrera egingo dute aurreneko aldiz sanpedroetan. Igande honetan izango da, ekainaren 28an, iluntzean. Lasterketa herrikoia izango da, taldeka egin beharrekoa, eta izen-ematea ondo doan arren, antolatzaileek zenbait zailtasun atzeman dituzte. Izan ere, lauko taldeak aurkeztu behar dira, bi gizonez eta bi emakumez osatutakoak, eta partaideek honako adin tarteak eduki beharko dituzte: batek 15-24 urte artean eduki beharko ditu, beste batek 25-39 artean, beste batek 40-49 artean, eta azkenik, taldekide batek 50 urte baino gehiago izan beharko ditu.
Adin tarte horiek osatu ezinik gelditu dira korrika saioan gustura parte hartuko luketen herritar batzuk, eta antolatzaileek izena ematera animatu nahi dituzte, beraiek lagunduko dutelako taldeak behar bezala osatzen.
Lasterketa 20:00etan hasiko da Herriko Plazan, eta dortsalak 19:00etatik 19:30era hartu beharko direla jakinarazi dute.
Lasterketa herrikoia
I. Goiko Karrera lasterketa herrikoia izango da, 1,2 kilometroko ibilbidea edukiko baitu. Helburu argiarekin antolatu dute, izan ere: herriko festetan herritarren parte hartzea sustatzea. "Helburu horretatik abiatuta, herrian festa giroa sortzea zein adin ezberdinetako jendea elkartzea ere nahi da", azaldu dute.
Herritik barrena egingo den lasterketa da, eta izena derrigorrez launaka eman beharko da, erreleboka egingo baita lasterketa. Ibilbidea, beraz, lau aldiz osatu beharko du talde horrek. Taldekide bat hasiko da, ibilbide osoa egin eta plazara iristean, lekukoa hurrengoari emango dio, eta horrek jarraituko du.
Ibilbidea ere jakinarazi dute: Herriko Plazan hasi eta Oako eskaileretatik Goiko Kaleko parkeraino igo beharko da. Handik aldapa behera jaisten hasi, eta Danbolin musika eskolako horretan biratu beharko da frontoiko aldapa jaisteko. Bikamiotako biribilgunera iristean, biratu, eta Arrantzale kaletik barrena, Arkaitz tabernako horretan ezkerretarako bidea hartuko da. Antilla taberna parean eskuinera hartu, eta aurkako noranzko errepidetik, Herriko Plazara iritsi.
Izen ematea doakoa da, eta parte hartzaileen artean herriko saltokiek emandako sariak zozkatuko dituzte. Sariak egunean bertan kontsumitzeko izango dira.
Izena esteka honetan eman daiteke –egunean bertan 18:00 arte–, eta zalantzarik edukiz gero, zenbaki hautetara deitu daiteke: 615 736 911 (Eneko Dorronsoro) edo 665 756 811 (Aitor Rubio).