"Arraunlari guztien ongizatea erdigunean" jarriko duen lan esparrua adostu dute udalak eta OAEk

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 18a

Orioko Udaleko eta Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako ordezkariak. (Rosana Arruti)

Orioko Udalak eta Orio Arraunketa Elkarteak elkarlanean landutako lan ereduak bost ardatz nagusi izango ditu: emakume eta gizonen berdintasuna, indarkerien prebentzioa, osasun fisiko eta mentala, inklusioa eta kirolarien ahotsa. Ardatz horiek oinarri hartuta, 2026-2028 aldirako ekintza plana eta jarraipen sistema diseinatu dituzte, arraunlarien "ongizatea erdigunean" jarriko dutenak. 

Orioko Udalak eta Orio Arraunketa Elkarteak (OAE), "emakume eta gizon estropalarien arteko berdintasuna oinarri" hartuta, "hortik haratago doan" lan esparru berri bat adostu dute, arraunlarien "ongizatea" erdigunean jarriko duena. Eredu horrek, hain justu, bost ardatz nagusi izango ditu: emakume eta gizonen berdintasuna, indarkerien prebentzioa, osasun fisiko eta mentala, inklusioa eta kirolarien ahotsa. Ardatz horiek oinarri hartuta, 2026-2028 aldirako ekintza plana eta jarraipen sistema diseinatu dituzte. "Lanketa horrek erakutsi du oraindik asko dagoela egiteko kirolaren eremuan berdintasuna eta ongizatea bermatzeko. Baina erakutsi du, era berean, elkarrizketaren, autokritikaren eta lankidetzaren bidez eraldaketarako bideak eraiki daitezkeela", azpimarratu dute udalak eta OAEk .

Hain zuzen ere, 2025eko urrian, OAEko emakume arraunlari batzuek elkartean bizitako hainbat egoerari buruzko gutuna kaleratu zuten. Testigantza haiek "emozio kontrajarriak" sortu bazituzten ere, "emakume kirolarien errealitatea ezagutzeko, horren inguruan hausnartzeko eta egoera hobetzeko neurriak hartzeko aukera berri bat" ere ireki zutela esan du udalak. Izan ere, kirola historikoki "gizonen beharretara eta errealitateetara egokitutako eremua" izan dela nabarmendu du erakundeak, eta gaur egun ere, desberdintasun ugari "mantendu" egiten direla adierazi du du: "Esaterako, baliabideen banaketan, aitortza aukeretan, hedabideetan duten ikusgarritasunean eta eguneroko harremanetan". 

Testuinguru horretan, udalak esan du emakume arraunlariek egindako salaketak ez direla "gertakari isolatu gisa" ulertu behar; "kirolaren eta gizartearen parte diren erronka zabalagoen isla" ere bai baitira. "Haien ahotsari esker, landu beharreko errealitate bat bistaratu zen, eta horrek aurrerapausoak egiteko aukera eman du". Hori horrela izanda, udalak eta OAEk urte osoan zehar lanketa partekatua egin dute, kanpo aholkularitza zerbitzu espezializatu baten laguntzarekin. Izan ere, arraunketa elkarteak, "gaiaren garrantziaz jabetzen joan den heinean, lanerako borondatea eta konpromisoa" erakutsi dituela nabarmendu du. "Helburua argia izan da: iraganari buruzko eztabaidan geratu beharrean, gertatutakoa ulertu, ikaskuntzak atera eta etorkizunerako tresnak sortzea", gehitu du klubak.

Halaber, prozesuan parte hartu duten norbanako eta eragileen konpromisoa balioan jarri nahi izan dute. "Guztion inplikazioari esker, aldarriek eraldaketa prozesua abiarazteko oinarriak jarri dituzte. Aldarriak, behar bezala jasotzen direnean, akuilu eta hobekuntzarako tresna bihurtzen direlako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide