Orientazio gunea zabalik egongo da gaur, herritarrei adikzioen inguruko zalantzak argitzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 17a

Alkohol botilak.

Orioko Udalak joan den astean jakinarazi zuen Adikzioen Prebentzioa eta Osasuna Sustatzeko Diagnosia osatu duela, eta bi zerbitzu jarriko dituela martxan. Bat orientazio gunearena da, eta bestea, guraso eskolena. 

Orioko Udalak Adikzioen Prebentzioa eta Osasuna Sustatzeko Diagnosia osatu du, eta joan den astean egin zuen publiko, ohar bidez, diagnosi horren edukia, eta horrekin batera, jakinarazi zuen hemendik aurrera martxan zer zerbitzu jarriko dituen. Zehazki, orientazio gunea eta guraso eskolak abiatuko ditu aurten bertan. Orientazio gunea gaur jarriko dute martxan. 

Adikzioen inguruko zalantzak argitzeko, informazioa jasotzeko eta lehen arreta eskaintzeko gunea izango da orientazio gunea. Kultur Etxeko lehen solairuan dago, eta asteazkenetan zabalduko dute, 16:00etatik 20:00etara. Eta ekainaren 24tik aurrera, 10:00etatik 14:00etara egongo da martxan. Aurrez hitzordua hartu beharko da, zenbaki honetan: 688 87 36 35.

Guraso eskolak, berriz, familiei baliabideak eskaintzeko eta prebentzioan duten eginkizuna indartzeko saioak izango dira. Saio horietan, besteak beste, nerabezaroa, kontsumoen prebentzioa, pantailen erabilera eta komunikazio positiboa landuko dituzte. Irailean jarriko dute martxan, eta udalak orduan emango du informazio zabalagoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide