Adikzioen Prebentzioa eta Osasuna Sustatzeko Diagnosia egin du udalak, eta zerbitzu batzuk berehala abiatuko dituzte

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 11

Zerbitzari bat garagardoa ateratzen.

Orientazio gunea datorren astean abiatuko dute, adikzioen inguruko zalantzak argitzeko, informazioa jasotzeko eta lehen arreta eskaintzeko. Diagnostikoaren ondorengo pausoa, berriz, 2026-2031 aldirako Adikzioen Prebentzio Plana osatzea izango da. 

Orioko Udalak Adikzioen Prebentzioa eta Osasuna Sustatzeko Diagnosia osatu du, eta atzo egin zuen publiko, ohar bidez, diagnosi horren edukia, eta horrekin batera, jakinarazi zuen hemendik aurrera martxan zer zerbitzu jarriko dituen. Zehazki, orientazio gunea eta guraso eskolak abiatuko ditu aurten bertan. Orientazio gunea datorren astean bertan hasiko da lanean. 

Diagnostikoaren helburua Orioko errealitatea jasotzea izan da, ondoren, 2026-2031 aldirako Adikzioen Prebentzio Plana osatzeko. Planaren helburua, era berean, "adikzioei ikuspegi integraletik heltzea" da: substantzien kontsumoari ez ezik, jokabide-adikzioei ere erreparatuz, hala nola, pantailen erabilerari, sare sozialei, bideojokoei edo apustuei. Baita  herritarren beharrak identifikatzea ere, "sortzen ari diren erronkei aurrea hartzeko eta prebentzioa modu koordinatuan egiteko".

Diagnostikoak jasotzen dituen ondorioak

Diagnostikoaren lanketa Ortzadar aholkularitza enpresaren laguntzarekin egin du, eta "iaz abiatu zen lanketa prozesuaren emaitza da".  Aurrena, udalak galdetegi bat zabaldu zuen herritarrek adikzioen inguruan zuten iritzia jasotzeko, eta bildutako ekarpenak gainerako azterketa lanarekin uztartu dituzte.

Udalak zerrendatu egin ditu diagnosiak "azaleratu" dituen ondorio nagusiak: batetik, Orioko gazteen aisialdian kirolak, kuadrillan egoteak eta musikak pisu handia dutela agertzen du, eta horiek babes faktore garrantzitsuak direla. "Baina arreta jarri beharreko hainbat eremu ere identifikatu dira, hala nola, alkoholaren normalizazioa jai eta aisialdi testuinguruetan, tabakoaren eta bapperraren presentzia, edari energetikoen kontsumoa, sare sozialen eta mugikorraren erabilera, eta bideojokoen nahiz apustuen inguruko prebentzioa lantzeko beharra".

Horrez gain, udalak esan du herritarrekin, elkarteekin eta tokiko eragileekin egin duten lanketak ere hainbat kezka jarri dituela mahai gainean. Besteak beste, alkoholaren kontsumoaren normalizazioa, gazteen eta nerabeen kalteberatasuna, familiek prebentzioan duten garrantzia eta herriko eragileen arteko koordinazioa indartzeko beharra nabarmendu dituzte.

Martxan jarriko dituzten zerbitzuak

Diagnostikotik abiatuta, udalak bi zerbitzu jarriko ditu martxan aurten beran, adikzioen prebentzioa sustatzeko: batetik, orientazio gunea abiatuko du, eta bestetik, guraso eskolak. 

Adikzioen inguruko zalantzak argitzeko, informazioa jasotzeko eta lehen arreta eskaintzeko gunea izango da orientazio gunea. Kultur Etxeko lehen solairuan dago, eta asteazkenetan zabalduko dute, honako ordutegian: ekainaren 10ean eta 17an, 16:00etatik 20:00etara. Eta ekainaren 24tik aurrera, 10:00etatik 14:00etara. Aurrez hitzordua hartu beharko da, zenbaki honetan: 688 87 36 35.

Guraso eskolak, berriz, familiei baliabideak eskaintzeko eta prebentzioan duten eginkizuna indartzeko saioak izango dira. Saio horietan, besteak beste, nerabezaroa, kontsumoen prebentzioa, pantailen erabilera eta komunikazio positiboa landuko dituzte. Irailean jarriko dute martxan, eta udalak orduan emango du informazio zabalagoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide