Elkarrizketak

Javier Puertas: "Harrobia oso maila ona ari da erakusten aulki mugikorrean"

Julene Sorarrain eta Urtzi Oteiza 2026ko ekainaren 11

Javier Puertas Orio Arraunketa Elkarteko arraunlaria Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketarako prestatzen ari zen, baina osasun arazo bat tarteko, erretiroa hartu berri du.

Osasun arazo bat tarteko, erretiroa hartu berri du lehiatik Javier Puertas (Baltanas, Espainia, 1952) Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak, hain justu, aulki mugikorreko Espainiako Txapelketarako prestatzen ari zela. Hainbat garaipen lortu ditu Puertasek bere ibilbide oparoan zehar: esaterako, 1979an, urrezko domina irabazi zuen Jugoslaviako Bled hirian –gaur egungo Eslovenian– jokatutako aulki mugikorreko Munduko Txapelketan, eta Orioko traineruarekin Kontxako hiru bandera eskuratutakoa da. Lehiatik urrundu da, bai, baina arraunarekiko grina ez zaio oraindik desagertu. Hain zuzen, goizetan, Arraunetxeko ergometroan aritzea du gustuko, errioari begira dagoela.

Baltanasen jaio, baina Aginaga (Gipuzkoa) eta Orio artean hazi zinen. Haurtzaroko zer oroitzapen dituzu?

Aginagara etorri nintzenean 8 urte nituen, eta noski, ez nekien euskaraz. Bertako lagunak egin nituen, ordea, eta segituan ikasi nuen hizkuntza, esfortzu handirik egin gabe. Euskara ikastea gertatu zaidan gauza oso on bat izan da. Aginagan hamalau urte igaro nituen, eta 18 urte nituela, arraunean hasi nintzen Orion. Ondoren, 22 urterekin ezkondu nintzen herrira. Lagun batek animatu ninduen arrauna probatzera. Aginagan ere arrauna oso maitea dute, eta garai hartan Orioko arraunlaria izatea izugarria zen niretzat. Probatu bezain laster gustatu zitzaidan, eta aurreneko urtea entrenatzen igaro ostean, txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.

Ibilbide osoan lehiatu zara maila gorenean, bai aulki mugikorrean, bai traineruan. Martxa horri hainbeste urtez eusteko zein da sekretua?

Konstantzia, eta gogo handia izatea. Baina, batez ere, nabarmendu behar dut etxean ere laguntza handia jaso dudala. Gazte ezkondu nintzen, eta emazteak pila bat lagundu zidan. Izan ere, estropadak tarteko, urte asko igaro ditut bidaiatzen, eta hori guztia jasan egin behar du familiak. Alde horretatik, familia eta lagunak oso ondo portatu izan dira nirekin.

Gainera, arraunlari belaunaldi bat baino gehiago ezagutu dituzu. Zer aldatu da zu hasi zinenetik?

Arrauna asko aldatu da teknika aldetik. Gainera, traineruak eraikitzeko orain erabiltzen duten materiala lehen baino arinagoa da, eta egurrezkoek baino mantentze gutxiago behar dute oraingo traineruek.

Lau aldiz izan zara munduko txapelketetan dominadun aulki mugikorrean, eta 1979an urrezko domina irabazi zenuen Bledeko Munduko Txapelketan. Zer sentiarazten dizute lorpen horiek?

Poz handia eta harrotasuna sentiarazten dizkidate. Izan ere, urte osoa entrenatzen igarotzen duzu, eta garaipen horiek lortzean, oso gustura sentitzen zara. Arraunak emandako urteak eta inguruan izan dugun giroa oso onak izan dira.

Nola bizitzen ziren nazioarteko txapelketa haiek, euskal arraunak gaur egun baino baliabide gutxiago zituenean?

Niretzako oso pozgarria zen. Nire ustez, goi mailan entrenatzen bazabiltza, eta selekzioak deitzen bazaitu, joan egin behar zara parte hartzera. Egoera horren aurrean, alde batera utzi behar dira sentimenduak eta pentsamendu politikoak. Kirolari bat goi mailan badabil, aukera guztiak hartu behar ditu, berdin da selekzio batekin ala bestearekin.

Espainiako Txapelketa 25 aldiz irabazi duzu, eta 2009an, Espainiako Arraunketa Federazioak aitortza egin zizun Sevillan (Espainia).

Oker ez banago, 26 aldiz irabazi dut! Poz handiarekin jaso nuen aitortza, izan ere, errekonozimendu handia da, eta gustura bidaiatu nuen Sevillara. Oso ondo portatu dira nirekin, eta ezin dut inorengatik ezer txarrik esan.

Traineruan Kontxako hiru bandera irabazi zenituen. Zer esanahi du garaipen horrek oriotar batentzat?

Oriotar batzuentzat Kontxako Bandera irabaztea munduko txapelketa irabaztea baino hobea da. Niretzako ez, ordea. Dena den, giro polita sortzen da estropada horren bueltan eta jende askok ekarri nahi du bandera etxera. Munduko domina Kontxako Banderagatik aldatuko ote nukeen galdetu izan didate, baina erantzuna ezezkoa da. Hemen, kostaldean, oso ezagunak dira traineruak, baina mundu mailan modalitate hori ez da asko ezagutzen. Ni, egia esan, aulki mugikorraren aldekoa naiz.

Nola ikusten duzu aulki mugikorraren egoera gaur egun?

Aulki mugikorrak titulu asko eman dizkio Orioko klubari. Gainera, munduko txapelketa irabazi nuenean, lau oriotar ginen ontzian. Alde batetik, Pello Olasagasti patroi lanetan aritu zen, eta bestetik, Andoni Elizalde eta Dionisio Redondo aritu ziren arraunean nirekin. Aulki mugikorraren egungo egoerari dagokionez, belaunaldi oso ona dator orain. Ez nago ziur, ordea, nolako jarraipena izango duen. Gazte batzuek, beraien onena ematen hasten direnean, kirola utzi egin behar izaten dute arreta ikasketetan jarri nahi dutelako, normala den bezala. Bestela, harrobia oso maila ona ari da erakusten.

Orain, osasun arazoak tarteko, erretiroa hartu duzu.

Pena handiarekin jaso nuen medikuaren berria, izan ere, bi hilabete bakarrik falta ziren Espainiako Txapelketarako, eta oso ondo ari ginen prestatzen hitzordurako.

Batzuek diote arrauna garai ilunak bizitzen ari dela. Zer mezu duzu kirol hori probatu nahi dutenentzat?

Kirol hau probatu nahi dutenei esango nieke hemen familia bat sortzen dela. Sekulako konfiantza hartzen dugu elkarren artean, eta denen lagun egiten zara. Arraunak jendea elkartzen du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide