OAEko bi traineruei, merezitako aitortza

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 8a

Hiru bandera astindu zituzten atzo Orioko arraunlariek herriko kaleetan eta udaletxeko balkoian: larunbatean gizonek eta emakumeek Lekeition irabazitako ikurrinak batetik, eta atzo gizonek Getarian lortutako Euskadiko Txapelketakoa, bestetik. Emakumeen aurreneko garaipena izan da, eta 'aupa Orio!' oihukatuz astindu zuten bandera horietako askok. 

Bigarren igandez jarraian, oriotarrek harrera egin diete herriko arraunlariei, horiek asteburuan irabazitako banderak ospatzeko. Atzokoa, gainera, are bereziagoa izan zen, emakumeek aurreneko bandera eskuratu dutelako. Larunbatean Lekeitioko Ikurrina jokatu zen Bizkaiko herri horretan, eta bi banderak Oriora etorri ziren, bai emakumeena, bai gizonena. Atzo eguerdian, berriz, Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu zen Getarian, eta hori ere Oriok irabazi zuen gizonezkoetan –emakumeak ez ziren sailkatu–. 

Atzo 20:00etan, beraz, hiru banderak astindu zituzten Errusta paretik hasi eta udaletxera arte, Orioko Txarangaren doinu alaiei jarraiki. Udal eraikineko balkoira hiru banderak aldi berean atera zituzten, baita horiek herritarren txalo artean astindu ere. Denak zeuden pozarren, baina bereziki emakumeen trainerukoak, eta horietako batzuek 'aupa Orio!' oihukatuz astindu zuten larunbatean irabazitako trapua. 

Entrenatzaileak, gustura

Arraunlariekin batera izan ziren alironean Orio Arraunketa Elkarteko bi traineru nagusien entrenatzaileak ere, Santi Zabaleta emakumeena eta Iker Zabala gizonena, eta asteburuaren balorazio positiboa egin zuten. 

Zabaleta gustura zen atzo, bezperan bandera irabazita Lekeitioko Ikurrina estropadan. Joan den astean ez zuten lortu Euskadiko Txapelketara sailkatzerik, baina asteburu honetan nolabait arantza kendu ahal izan dute. Lekeitioko estropadan ez zuten parte hartu talde guztiek, falta ziren atzo Euskadikoa lehiatu zuten batzuk, baina hala ere, joan den astean ez bezalako irudia eman zuen oraingoan taldeak, eta horren arrazoia azaldu zuen Zabaletak: "Talde berri samarra da, eta kohesionatzeko lantegi horretan, halakoak gertatzen dira; batzuetan asmatzen da, beste batzuetan ez. Erregulartasunaren bila gabiltza". 

Zabalaren taldea, berriz, egonkorragoa da, iazkoaren bizkarrezurra mantenduta, eta jokatutako estropada guztiak irabazi ditu, bat kenduta. Balorazioa eskatuta, "orain arte, perfekto", laburbildu zuen atzo entrenatzaile bizkaitarrak. "Oso-oso pozik nago, baina beti daukat kezka buruan, trainerua are azkarrago joan dadin nahi dudalako, eta gainera, denboraldia orain hasten delako". Hemendik aurrera ikusi nahi du, beraz, taldeak zer errendimendu ematen segitzen duen. Hurrengo hitzordua asteburu honetan bertan izango dute, Espainiako Traineru Txapelketa irabaztera aterako baitira Orioko gizonezkoak.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide