Orioko emakumezkoak zein gizonezkoak nagusitu dira Lekeition

Intza Trula 2026ko ekainaren 6a

Orioko emakumezkoen trainerua, Lekeitioko Ikurrina irabazi izana ospatzen. (Joxemari Olasagasti)

Gaur goizean jokatu dituzte Lekeitioko Ikurrina traineru estropadak. Orioko emakumezkoen traineruak 11 minutu eta 58 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta horri esker sasoiko lehen garaipena erdietsi du. Gizonezkoek, berriz, 21 minutu eta 45 segundoan zeharkatu dute helmuga.

Bitik bi bandera eskuratu dituzte gaur Orioko arraunlariek Lekeition (Bizkaia). Lekeitioko Ikurrina traineru estropadak jokatu dituzte goizean zehar, eta bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan Orio izan da txapelduna. Emakumezkoetan, gainera, lehenengo bandera du Oriok aurtengo denboraldian. Eguraldia ez da oso txukuna izan gaurko jardunaldian, eta txanda batetik bestera nabaritu egin dira haizearen aldaketak.

Emakumezkoei dagokienez, bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte estropadan, eta bi txandatan banatuta jokatu dute; Orio azken txanda horretan atera da, hain zuzen. Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldea hasiera-hasieratik jarri da estropadako buru, eta ziaboga txukun eginda, nagusitasunez irabaztea lortu du. 11 minutu eta 58 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta bigarren sailkatu da Hibaika, 12 minutu eta 12 segundoan, txapelduna baino hamalau segundo beranduago, alegia.

Hirugarren azkarrena izan da Zumaia, 12 minutu eta 18 segundora zeharkatu baitu helmuga. Zarautzek, berriz, bosgarren amaitu du gaurko estropada (13:09), eta haren aurretik heldu da Tolosaldea (12:21). Gainerakoei dagokienez, Kaiku sailkatu da seigarren (13:09,30), Hondarribia zazpigarren (13:18,13), Deustu zortzigarren (13:25,34), Isuntza bederatzigarren (13:29,55) eta Portugalete hamargarren (15:43,00).

Gizonezkoak ere txapeldun

Gizonezkoen kasuan, hiru txandatan uretaratu dira, eta lau luze eta hiru ziaboga burutu behar izan dituzte. Orioko gizonezkoen trainerua hirugarren txandan lehiatu da, eta emakumeek bezala, egun borobila izan du. 21:45,27ko denboran amaitu ditu lanak, eta bigarren izan den San Juani bederatzi segundoko tartea atera dio (21:54,40).

Hirugarren zeharkatu du helmuga Zarautzek (21:56,00), eta laugarren eta bosgarren postuak Isuntzarentzat (21:58,51) eta Ondarroarentzat (22:08,78) izan dira, hurrenez hurren. Deustuk (22:28,00) egin du seigarren, eta zazpigarren helmugaratu da Zumaia (22:36,00).

Gainerakoan, honela geratu da sailkapena: Kaiku zortzigarren (22:40,00), Busturialdea bederatzigarren (23:05,25), Hondarribia hamargarren (23:06,19), Portugalete hamaikagarren (23:33,00), Hibaika hamabigarren 23:33,05), Arkote hamahirugarren (23:34,57), Deustu B hamalaugarren (24:21,93), eta Mutriku hamabosgarren (25:53,37).

Orioko gizonezkoen trainerua gaur, Lekeitioko garaipena ospatzen. (Joxemari Olasagasti)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide