Askorentzat oharkabean gerturatu dira sanpedroak, baina Orioko eragileek denbora daramate dena antolatzen, eta erretiratuen elkartekoek dena prest dute udako festez gozatzeko.
Beti bezala, festen aurreneko egunean, ekainaren 26an, ostiralarekin, hamaiketakoa eskainiko diete herriko jubilatuei Zaharren Babeslekuan. 10:30etik 12:30eran, nahikoa jan-edan egingo dute elkarrekin bertaratzen direnek.
Festen azken egunean, berriz, ekainaren 30ean, asteartea, bazkaria egingo dute. Iaz bezala, Antilla hotelean izango da hitzordua 14:00etan, eta 70 urtetik gorako herritarrentzat izango da. Txartelak ekainaren 15ean eta 16an eskuratu ahalko dira, 17:00etatik 19:00etara Zaharren Babeslekuan, eta NA aurkeztea derrigorrezkoa izango da.
Ohi bezala, Antillara joateko txu-txu tren zerbitzua eskainiko die udalak. Arkaitz tabernaren paretik aterako da trena, 12:45ean, 13:15ean eta 13:45ean. Hori bai, ibiltzeko ondo daudenei oinez joateko eskatu diete. Itzulerako zerbitzua, berriz, 17:00etan, 17:30ean eta 18:00etan eskainiko dute.