Traineru eta aulki mugikorreko estropadak, arraunez betetako beste asteburu batean

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 5a

Orioko emakumezkoen trainerua, joan den igandean Getariako moilan. (Onintza Lete Arrieta)

Larunbatean Lekeitioko Ikurrina traineru estropadak jokatuko dituzte Orioko gizon-emakumeek, eta igandean, gizonezkoak Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira, Getarian. Aulki mugikorrean, berriz, Euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte, larunbatean Legution (Araba). 

Orio Arraunketa Elkarteak estropadaz betetako asteburua izango du beste behin. Bihar, larunbata, gizonezkoen eta emakumezkoen traineruek Lekeition (Bizkaia) izango dute hitzordua, Lekeitioko Ikurrina jokatuko baita bertan goiz partean. 10:30ean hasiko dira estropadak. 

Aldi berean, aulki mugikorrean aritzen diren arraunlariek estropada garrantzitsuak izango dituzte Legution (Araba), Euskadiko Txapelketak jokatuko baitituzte bertan. Oriok 28 ontzi aurkeztuko ditu, eta estropadak Arraunketako Euskal Federazioaren Youtube kanalean zuzenean ikusteko aukera egongo da, esteka honetan. 09:00etan hasiko dituzte lehiak. 

Euskadiko txapelaren bila

Igandean ere Euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte, baina horiek Getarian izango dira, itsasoan, eta traineruak izango dituzte protagonista. Joan den asteburuan Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Orioko gizon-emakumeek, eta gizonek bakarrik lortu zuten txartela Euskadikoa jokatzeko. 12:00etan hasiko da lehia horientzat. Aurrez, 11:00etan, beteranoak lehiatuko dira, eta 13:00etan, azkenik, emakumeen txanda izango da. 

ETB1ek zuzenean eskainiko ditu estropadak, 12:00etatik aurrera. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide