Pilotako espazioak pilota elkartearekin diseinatuko dituztela ziurtatu du udalak

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 3a

Atzoko bilera irekiko une bat. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Udalak bilera irekia egin zuen atzo iluntzean Kultur Etxean herritarrekin, ostiraletik igandera pilotaleku berriaren kokapenaz egingo den herri galdeketaz eta Abaromendiko eta Palotako aurreproiektuez horiek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko. 

Orioko Udalak frontoi berriaz eta herri galdeketaz bilera irekia egin zuen atzo iluntzean herritarrekin. Ostiraletik igandera 18 urtetik gorako herritarrek pilotaleku berriaren kokapena aukeratu ahal izango dute botoa emanda. Abaromendin egitea da aukera bat, eta Palotan egitea jasotzen du beste aukerak. Kultur Etxean 40 bat herritarren aurrean aritu zen bi aurreproiektuak azaltzen Borja Agirresarobe XS arkitektura estudioko arkitekto oriotarra.  Otsailean aurkeztu zizkieten herritarrei aurreneko aldiz bi proiektuak, eta orduan ere Agirresarobek eman zituen azalpenak. Oraingoan ez zuen datu berri esanguratsurik eskaini; bi aukeren laburpena egin zuen, hori bai, nabarmenduz aurreproiektuak direla, ez azken emaitzak. 

Lohitzune Solaberrieta zinegotziak, berriz, herri galdeketa noiz eta nola izango den gogorarazi zuen, eta azpimarratu zuen informazio guztia Turismo Bulegoan jarri dituzten paneletan dagoela, baita online ere gukoriori.eus atarian. 

Behin aurreproiektuak azalduta, bertaratutakoei eman zieten hitza, horiek beren zalantzak galdetzeko. Udal ordezkariek eta Agirresarobek berak ere aipatu zituzten puntu batzuk. Hona denen artean mahai gainean jarri zituzten gaietako batzuk:

Eremuaren araberako ideiak

Agirresarobek aurrena, eta Anuska Esnal alkateak gero, nabarmendu zuten kokaleku bakoitzean frontoia osatzeko proiektuak “modu naturalean” sortu direla, kokapen bakoitzak ematen ditun aukerak kontuan hartuta: kirola batean, kultura bestean. Abaromendin, dagoeneko badagoen kirol eremu bat handitzea eta osatzea da ideia, eta Palotan, Kosta Tailerraren eta frontoiaren inguruan plaza berri bat sortzea, baita kultur areto bat ere, Kosta Tailerra berritzearekin batera. Herrian egin zen kultur plan estrategikoak kulturgune baten beharra jasotzen zuela gaineratu zuten.

Esnalek iritzi zion herritarrek pentsatu behar dutela ea frontoi bati zer eskatzen zaion. Bi frontoi oso desberdin direla onartu zuen: “Bat erabilera anitzeko frontoia irudikatzen dugu herrigunean, eta bestea, oso pilotari eta kirolari lotutako eraikin itxi bat, Arraunetxea izan daitekeen bezala arraunarekiko, ba Abaromendikoa pilotarekiko”. Bakoitzak bere indarguneak eta bere ahulguneak dituela esan zuen. “Ez da eraikin bat egitea eta kito, gero ekosistemarekin jarri behar duzu dantzan. Herrigunean izateak eta kulturako plan estrategikoak eman zizkigun ideia horietatik, jendeak Kultur Etxea ekipamendu gisa mugatua eta txikia ikusten duela ekitaldietarako, abagunea sortu da biak uztartzeko eta frontoia, pilotarako izateaz gain, beste erabilera batzuetarako diseinatzekoa. Aukera hori ez da sortzen Abaromendin”. Han, bestelakoa da planteamendua, Esnalek azaldu zuenez: “Kokapenagatik, frontoiak itxia izan behar du, eta kirol arloan bi diagnostiko eginda ditugu, eta hor ere agertzen da kalisteniako eta paddlerako eremu baten beharra, eta beraz, pilotalekuari uztartu zaizkio kirolaren ikuspegi hori”.

Adin muga

Askotariko galderak eta iritziak plazaratu zituzten herritarrek. Batek galdetu zuen ea zergatik ezin duten botoa eman 18 urtetik beherakoek, “beraiek izango baitira erabiltzaile nagusiak”. Anuska Esnal alkateak erantzun nahi izan zion: “Hauteskundeen formula bera erabiltzea izan da helburua, eta horregatik izango da kontaketa igande arratsaldean bertan. Haurren edo gazteen ahotsa eraman nahi bada, etxean hitz egin dadila gazteek zer ikusten duten”.

Frontoi itxi bat egiteko nahikoa afizio bai?

Alkateak ere bota zuen galdera: “Oriok badu nahikoa afizio eta ofizio pilotari bakarrik dedikatutako eraikin bat egiteko? Hori nahi dugu?”. 

Aparkalekuak zer?

Pilotalekua Abaromendin egingo balute, batzuen kezka da kanpotik jende asko etorriko litzatekeela autoz, “autobidea ondoan edukita”, eta gune horretan aparkaleku arazoa –“udan gaur egun jada badagoen arazoa”– areagotu egingo litzatekeela, eta instalazioak batez ere kanpotarrentzat izango liratekeela.

Palotako proiektuan jasota dago lur azpian aparkalekuak egiteko aukera, baina Agirresarobek zehaztu nahi izan zuen ibilgailu gutxirentzako aparkalekua izango litzatekeela eta egingo dela baldin eta ekonomikoki bideragarria baldin bada eta herriari kargarik eragingo ez balio.

Kostuak

Abaromendiko eremua handiagoa da Palotakoa baino, eta beraz, eraikitze lanak garestiagoak dira Abaromendin. Lurrak udalarenak dira, ordea, eta Palotan, pribatuak. Hortaz, momentuz ezin dute jakin zenbat kostatuko litzatekeen Palotako baratze zati horiek erostea.

Aprobetxamendua

Batzuen ustez, Palotako pilotalekua topera aprobetxatuko dute herritarrek, ehun urtez Eusko Gudarin egon izan den pilotalekua bezala, baina Abaromendikoari ez diote ikusten horrenbeste zuku aterako zaionik.

Igelen babesa bermatuta?

Abaromendin, frontoia eraikiko litzatekeen eremuan, babestuta dagoen igel mota bat bizi da hango putzu batean. Proiektuak igelak kaltetuko lituzkeen galdetu zuen herritar batek, eta udalak ziurtatu zuen kontuan hartu dutela hori, aztertu dutela, eta haien bizilekua bere horretan geldituko litzatekeela, pilotalekua horren ondoan egingo luketelako. 

Proiektuak nahastea badago?

Nahasketak egitea ere jarri zuten mahai gainean: Abaromendin kirolgunea eta Palotan frontoia, Palotan kulturgunea eta Abaromendin pilotalekua... Palotan frontoia egingo ez balitz, kulturgunea garatzea ba ote zegoen galdetu zuen herritar batek, eta Solaberrietak erantzun zion ezetz, "ez behintzat orain planteatzen den moduan". Aretoa egitea egongo litzatekeela esan zuen, baina ez litzatekeela sortuko gune berri bat. 

Herritarren artean zegoen Lourdes Salsamendi EAJko zinegotziak hartu zuen hitza orduan, Solaberrietari kontra egiteko: "Askotan eztabaidatu dugu horri buruz batzordeetan, eta independenteak dira bi gauzak: etorkizun batean egin daiteke kulturgunea pilotalekurik gabe ere". 

Esnalek arrazoia eman zion, eta esan zuen alderantziz ere gerta zitekeela: frontoia Palotan egitea, eta udalak erabakitzea Abaromendin paddle pistak egitea, "lursail horiek udal ekipamendurako izendatuta daudenez, hor gelditzen direlako beste beharretarako". 

Zer gertatzen da Palotako haur parkearekin?

Palotako proiektua gauzatuko balitz, kultur areto berria gaur egun haur parkea dagoen aldera egingo lukete, Kosta Tailerrari itsatsita, eta herritar batek bere kezka azaldu zuen horren aurrean, "haur parke horrek 25 urte dituelako eta asko erabiltzen delako". 

Solaberrietak aitortu zuen asko erabiltzen dela parke hori, baina gaineratu zuen eremu horretan oso gutxi erabiltzen den parte bat duela ondoan, berdegunea, alegia, eta hor parkea jartzeko aukera badagoela. 

Eragileen eskutik

Herritar batek esan zuen bere kezka zela oraindik itxi gabe dauden proiektuak direla jakinda bozkatu beharra. “Nik ez dakit nola geldituko den eremu bakoitza, ezta Palotako frontoia itxia edo irekia izango den ere, eta nire botoa horren arabera alda daiteke”.

Solaberrietak gogorarazi zuen legalki asteburu honetako galdeketak ezin duela loteslea izan, baina udaleko bi alderdiek konpromisoa hartu zutela bozketako emaitza errespetatzekoa. Behin kokapena erabakita, proiektu definitiboa garatzeko momentua iristen denean, dagokien eragileekin landuko dutela esan zuen. "Abaromendikoa ateratzen bada batez ere kirol taldeen eskutik landu beharko dugu proiektua, eta Palotakoa ateratzen bada, berriz, noski pilota elkartearekin, eta baita kultur eragileekin ere". 

Hori berretsi zuen Esnalek ere: “Udalak konpromisoa hartu du pilotari lotutako eskaerak txertatzeko proiektua lantzen dugunean, eta esku orrietan ikusten da nola kontuan hartu den ea metro kopuruak ematen duen aldagelak eta bestelakoak txertatzeko; eta egingarria ikusten da”.

Herritarrak erantzun zion egingarria izatea gauza bat zela, eta egitea, beste bat. Esnalek erantsi zuen aurrena kokalekuaren adostasuna datorrela, eta gero, pilotako espazioak, noski, pilota elkartekoekin diseinatuko direla, eta haien partetik jaso dituzten kezkak "gauzagarriak" direla esan zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide