Altuera handiko abenturak elizaren eta Herriko Plazaren artean

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 30a

Kukuarri Astearen barruko haurren ekintza kutunenak egin dituzte gaur arratsaldean: eskalada eta tirolina. Talaimendi mendi elkarteko boluntarioek gogotsu lagundu diete herriko txikienei eliza azpiko horma igotzen nahiz elizatik Herriko Plazara hegan jaisten.  

Maiatzeko azken astea izanik, Kukuarri Astea ospatzen ari da egunotan Talaimendi mendi elkartea. Talai Mendi Trail mendi lasterketarekin hasi zuten egitaraua, eta bihar, igandea, amaituko da, Kukuarri Eguna ospatuta. 

Tartean, haurrentzako ekintzak izan dira nagusi, zehazki, orientazio proba, slickline saioa, eta gaur, berriz, haurrei gehien gustatzen zaien jardueraren txanda izan da: eskalada eta tirolina. Eliza azpiko horma eskalatzen aritu dira aurrena, eta behin hori eginda, tirolinan jaisteko txartela eskuratu dute. Tirolina, ohi bezala, eliza aurretik Herriko Plazara jarri du mendi elkarteak, eta bizpahiru orduz, etenik gabe aritu dira jaitsi eta jaitsi haur eta gaztetxoak. 

Bihar Kukuarriko tontorrera igotzeko eguna izango da. 09:00etan jarri dute juntadizoa Herriko Plazan, mendi puntara elkarrekin abiatzeko. 11:00etan elizkizuna egingo dute tontorrean, eta salda eta pintxoak banatuko dituzte. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide