EH Bilduk solasaldia antolatu du bihar arratsalderako Zarautzen, Europa mailan euren proiektu sozialengatik sarituak izan diren hainbat udaletako ordezkariak gonbidatuta, herri horietan egiten ari diren lana ezagutzeko helburuarekin. Bertan izango dira Anuska Esnal eta Agurtzane Solabarrieta Orioko eta Usurbilgo alkateak, eta hitzaldia Ander Lukas Zarauzko zinegotziak dinamizatuko du. Saioa 18:30ean izango da, Musika Plazako kioskoan.
Oposizioko taldeak azaldu duenez, bi herri horiek "puntakoak" diren proiektu sozialak ari dira garatzen "zaintzaren ikuspegi integrala landuta, eta langile, herritar eta udal ordezkarien arteko elkarlana sustatuz". Horrek abagunea ekarri du, koalizio subiranistaren arabera, "proiektu antiarrazista, feminista eta inklusiboak herriratzeko", eta horixe da, hain justu, Zarautzen aldarrikatu nahi dutena. Horretarako, ordea, Zarautz "biziberritzeko beharra" dagoela azaldu dute, "udal politikek norabide sozialagoa" izan dezaten.