Oriok bi zilarrezko domina lortu ditu Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sarietan

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 21a

Anuska Esnal Orioko alkatea, ezkerrean, sari banaketa ekitaldian. (Azpeitiko Udala)

Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sariak banatu dituzte gaur Bruselan, udalek berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren alde egiten duten lana aitortzeko. Orioko Udala bi kategoriatan zen finalista, 50.000 biztanletik beherako udalerrien multzoan eta merkataritza inklusiboaren sari berezian, eta bi kasuetan bigarren postua eskuratu du erakundeak. 

Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sariak banatu dituzte gaur Bruselan, eta Orioko Udala bi kategoriatan zegoen izendatuta sariketa horren finalerako: 50.000 biztanletik beherako toki erakundeen kategorian eta merkataritza inklusiboaren sari berezian. Azkenean, bi zilarrezko domina eskuratu ditu Orioko Udalak; hau da, izendatuta zegoen kategoria bakoitzean bigarren sailkatu da udala. Anuska Esnal alkatea Bruselako sari banaketa ekitaldian izan da, eta hark jaso ditu oroigarriak. 

Batetik, 50.000 biztanletik beherako udalerrien multzoan zegoen Orio finalista izendatuta, beste lau udalerrirekin batera. Hautagaien artean ziren Gipuzkoako beste bi herri ere: Azpeitia eta Errenteria. Horiez gain, Galiziako San Xoan de Rio eta Italiako Mariscovetere zeuden izendatuen zerrendan. Hain zuzen ere, Errenteriak eskuratu du urrezko domina, Oriok zilarrezkoa eta San Xoan de Riok brontzezkoa. Bestetik, merkataritza inklusiboaren sari bereziaren kasuan ere, Errenteriak eskuratu du lehen saria, Oriok bigarrena eta Italiako Milanek hirugarrena. 

"Nazioarteko aitortza garrantzitsua"

Europako Batzordeak sustatutako sari horiek udalek berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren alde egiten duten lana aitortzea dute xede, eta Europako Batzordeak jakinarazi duenez, "aniztasunaren eta inklusioaren alde egindako ekarpen nabarmenengatik" kokatu dute Orio finalisten artean. Sari horien helburua da herri, hiri eta eskualdeek diskriminaziorik gabeko eta inklusiboagoak diren komunitateak eraikitzeko egiten duten lana aitortzea, ikusgarri egitea eta balioestea. Sariak tokiko jardunbide egokiak nabarmentzen ditu, bereziki sexua, adina, desgaitasuna, LGTBIQ+ identitatea, erlijioa edo sinesmenak eta jatorri etnikoa edo arraza bezalako arloetan aniztasuna aberastasun eta berrikuntza gisa lantzen dutenak.

Udalak azaldu du Orio Europako finalisten artean egote hutsak "nazioarteko aitortza garrantzitsua" dakarrela, "herrian azken urteotan berdintasunaren, zaintzaren, aniztasunaren eta inklusioaren alde egindako lanaren emaitza". Orioren hautagaitza hiru proiektu eta lan ildo nagusitan oinarritu da: "hainbat urtetako gogoetaren ondoren", iazko udazkenean martxan jarri zuten Parrilla Festan; udalak azaroan aurkeztu zuen Bizitza Askeak Plazer indarkeriaren aurkako estrategian; eta 2023tik martxan den Saregile emakumeen etxean. Udalak azpimarratu du hiru proiektuek "norabide bera" jarraitzen dutela: Orio herri bizi, ireki eta kohesionatu gisa sendotzea, tradizioa eta berrikuntza, zaintza eta parte hartzea, ondarea eta etorkizuna uztartuz. Gaur egungo erronkei erantzuteaz gain, etorkizuneko Orio irudikatzeko ere balio dute, udalaren ustetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide