Izena eman daiteke umeen Sanpedroetako 54. Pilota Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 13a

Iazko pilota txapelketako saridunak, herriko frontoian. (Ospele pilota elkartea)

Ospele pilota elkarteak antolatuta, maiatzaren 22an hasiko da txapelketa LH 3 eta LH 6 arteko neska-mutilentzat, eta finalak, ohi bezala, ekainaren 28an, San Pedro bezperan, jokatuko dituzte. 

Ospele Orioko pilota elkarteak aurten ere antolatu du herriko umeentzat pilota lehia udako festetarako. Sanpedroetako 54. Pilota Txapelketa izango da, eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 19ra arte –hurrengo asteartea–. Parte hartu nahi duenak bere ikastetxeko kirol arduradunari jakinarazi behar dio, eta hark apuntatuko du gaztetxoa txapelketan. Dena den, norbaitek zalantzak argitu nahiko balitu, 619 63 76 43 telefono zenbakira deitu dezake. 

Lehiaketa maiatzaren 22an hasiko da, eta finalak ekainaren 28an, San Pedro bezperan, 17:00etatik aurrera jokatuko dituzte. Partidak guztiak ostiral arratsaldeetan izango dira, Zaragueta Herri Eskolako frontoian. 

Ospelek hainbat sari banatuko ditu: txapeldunordeek garaikurra jasoko dute, eta txapeldunek garaikurra eta txapela. Finalistek, finalaren ondoren, afaria izango dute. Azkenik, final guztiak kontuan hartuta "onena" izan den pilotariak Xapa garaikurra jasoko du. 

Baldintzak

Txapelketa eskola adineko neska-mutilentzat da, eta parte hartu ahal izateko hainbat baldintza bete behar izaten dira: batetik, Orion erroldatua egotea, edo Orion erroldatua egon ez arren, Ospeleko pilotaria izatea, edo Orioko ikastetxeren batean ikastea. Bestetik, LH 3 eta LH 6. mailen arteko ikaslea izatea.

Eskuzko eta paletako modalitateetako txapelketa izango da, eta beharrezko materiala pilota klubak ipiniko du. 

Adinaren arabera, honako modalitateetan eman daiteke izena:

LH 3-LH 4 (2017 eta 2016an jaiotakoak):

  • Benjamin mutilak eta mistoa eskuz
  • Benjamin neskak eskuz
  • Benjamin neskak paletaz

LH 5-LH 6 (2015 eta 2014an jaiotakoak):

  • Benjamin mutilak eta mistoa eskuz
  • Benjamin neskak eskuz
  • Benjamin neskak paletaz

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide