Balearen Eguneko egitarauaren barruan, kantu afari herrikoia antolatu du udalak lehen aldiz, herritar talde batekin elkarlanean. Maiatzaren 8an izango da, ostiralarekin, 20:00etan Herriko Plazan –iazko Euskaraldiaren barruan, Balea elkartean egin zuten kantu afari arrakastatsu bat, Balearen Egunaren bueltan–.
Kantu afarirako txartelak bihar, asteazkena, jarriko dituzte eskuragarri, 17:00etatik aurrera, Turismo Bulegoan.
Udalak azaldu du hiru menu egongo direla aukeran: aurreneko menuan entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrillan eta pasteltxo-dastaketa eskainiko dute eta 18 euro balioko du. Bigarren menuan entsalada mistoa, barazki menestra, lasaña eta postrea eskainiko dute, eta horrek ere 18 euro balioko ditu. Azkenik, haurrentzako menuan iberikoak, urdaiazpiko kroketak, baserriko oilaskoa parrillan patatekin eta izozkia egongo da, 12 euroan. Ogia, edariak eta kafea ere prezio horien barruan egongo da.
Pertsona bakoitzak gehienez lau txartel erosi ahal izango dituela azaldu du udalak, eta txartelak erostean norbanakoek edota lagun talde bakoitzeko boluntarioek izena eman beharko dutela afaritarako mahaiak eta aulkiak jartzen laguntzeko. Horiek afariko egunean 18:00etan elkartuko dira Herriko Plazan bertan.