Azkar ahitu ziren Balea elkarteak Balea Egunaren eta Euskaraldiaren harira antolatutako kantu afarirako sarrerak, eta ostiral gauean gogotsu iritsi ziren hitzordura herritarrak. 90 lagun inguru ziren, eta bete egin zuten elkartea. Afaltzen hasi aurretik, pare bat bertso kantatu zituen Eusebio Lasartek, eta gauza bera egin zuen kantu saioaren erdialdera ere.
Zizka-mizkak eta marmitakoa afaldu bezain pronto hasi ziren kantuan, eta horretarako, lagun aparta izan zuten: Imanol Urkizu. Gitarrarekin dotore jo zituen kantuak. Datak kontuan hartuta, errepertorio zabalean ez ziren falta euskararen aldeko abestiak, ezta Balearen bertsoak ere. Albiste honetako bideoan entzuten dena kantua, berriz, Gorka Knor-en Agure zaharra abestia da.
Antolatzaileek hamabost orriko liburuxka bana eman zien afaritan elkartu zirenei, eta hango gehientsuenak abestuta atera ziren herritarrak Baleatik, sabelak eta bihotzak gozatuta.
Elkartekoen eskerrak
Balea elkarteko kideek, berriz, eskerrak eman nahi izan dizkiete kantu afaria antolatzen lagundu duten guztiei: Arkupe elkarteari, udalari, Orioko Herri Ikastolari eta, "batez ere, sukaldariei –Maka eta Koldo– eta Imanol Urkizuri, lan asko egin dutelako".