Mikel Markez (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) Orioko bizilagunak bederatzi bertso bildu ditu bere azken diskoan, eta joan den astean eman zuen aurreneko kontzertua, Orion bertan, bertsoak idatzi dituzten bederatzi bertsolarietako batekin; Oriorekin lotura estua duen Jon Sarasua bertsolariarekin, hain zuzen. Parte hartu dutenen artean badira ingurukoak, zehazki, Jon Maia zumaiarra eta Andoni Egaña zarauztarra. Emanaldirako ordu gutxiren faltan, jendaurrean agertzeko irrikaz zen Markez, "eltzea surtan probatzen delako".
Gezurrari zor izena du zure disko berriak. Hitz jokoa eginda, izenburu iradokitzailea da...
Badira urte batzuk egiaren eta gezurraren arteko mugari buruzko ideiari bueltaka nabilela. Eta azkenaldi honetan gaiak are eta gaurkotasun handiagoa duela uste dut; gaur egun ia-ia ezin gara fidatu ikusten dugunaz ere. Zer da egia? Zer da gezurra? Politikariek zuzenean botatzen dituzte gezurrak, jakinda gezurrak direla, jendeak entzuten ditu jakinda gezurrak direla, eta ez da ezertxo ere gertatzen. Orain, ordea, hori gizartean ere errotzen ari den fenomenoa dela iruditzen zait.
Bederatzi gai eta bederatzi bertsolari aukeratu dituzu diskoa osatzeko.
Hala da, eta bertso saioetan bezala, bakoitzari gaia eman diot, eta bederatzi gezurren inguruko gogoetak eta burutapenak jaso dituzte. Umoretsuak atera dira batzuk, eta serioagoak eta burutsuagoak beste batzuk; denetarik dago. Umorearekin oso gauza potenteak esan daitezke, ironiak badu alde hori, baina beste gai batzuek distantzia eskatzen zuten, eta seriotasun pixka bat.
Jon Sarasuarekin hasiko duzu [joan den asteazkenean] zuzenekoen bidea, Orion bertan.
Bai, izan ere, nire asmoa da lehendabiziko bederatzi saioetara bertsolari bana gonbidatzea, bakoitzak testuinguruan jar dezan diskorako egin duen sorta hori. Uste dut kontzertura etortzen denari zerbait berezia eskainiko diola horrek. Jendeak barre egingo du emanaldi hauetan, baina une batzuetan serio ere jarriko da. Uste dut Xenpelarrek esaten zuela surtan jartzean probatzen dela nolakoa den eltzea, eta horretarako gogoa dut nik ere; seguru gaude ondo aterako dela, baina ikusi nahi dut ea nik barre egingo dutela uste dudan horrekin barre egingo duten benetan, edo beste gauza batzuekin, eta mezuak ondo heltzen diren ere ikusi nahi dut.
Gaia zeuk jarri diozu bertsolari bakoitzari. Bueltan jasotakoak harritu al zaitu?
Sorkuntzarekin beti gertatzen da hori: sortzea libre uzten denean, gauza batzuk zuk pentsatuta zenuen aldetik ateratzen dira, eta beste batzuk, erabat beste alde batetik; eta bai, ezustekoa hartzen duzu. Horrez gain, bertso sortekin, askotan gertatzen da beste fenomeno bat: kantatzen hasten zaren arte ez duzu benetan ulertzen jartzen duena. Batzuetan doinuak berak ere eramaten zaitu, errepikatzeko moduarengatik, daukan birarengatik edo silabengatik... Kantatzean, bat-batean, beste kolore bat hartzen dute irakurritako bertso horiek; konponketek ere ematen diete ukitu hori. Ni saiatu naiz hitz horiek ahalik eta nobleen eta nire dohain onenekin josten, sorta horiek gora egin dezaten.
Doinuari dagokionez, ezta?
Eta konponketei dagokienez ere bai. Kantu bat hartzen duzunean, testua daukazu, eta gitarrarekin konponketa egiten diozu, baina batzuetan ez zara zeharo gustura gelditzen; sartzen diozu biolina edo beste instrumentu bat, eta bat-batean, boom, leherketa gertatzen da. Lanketa hori guztia egin ahal izatea oso polita izaten da guretzat.
Hitzekin ez ezik, instrumentuekin eta ahotsarekin ere jende askok parte hartu du.
Instrumentu asko daude diskoan, baina jende gutxik jota. Zorte handia daukat, inguruan musikari bikainak ditudalako: Arkaitz Miner eta Iker Lauroba. Arkaitz hasiera-hasieratik proiektu honetan bidaide izan dut, eta biolina, mandolina, gitarrak... denetarik jotzen du. Ikerrek teklatuak, mandolina, gitarrak, baxua... jotzen ditu, eta biekin egin dut proiektuaren bizkarrezurra.
Ahotsen artean, berriz, zeure alabarena da bat, Esti Markezena.
Oihana Arana bertsolariak idatzitako bertsoan sartu dugu Estiren ahotsa, aukera polita zelako. Gazteei eta etorkizunari buruzko bertsoa da; beti esaten da beren esku dagoela etorkizuna, baina ikusita gazteek emantzipatzeko eta etxea lortzeko edo proiektu bat abiatzeko dituzten zailtasunak, ez dakit esaera hori betetzen ote den. Hortaz, ederki zetorkidan Estiren ahotsa kolore hori emateko. Gainera, elkarrizketa moduan planteatu dugu abestia: nik botatzen dut lehen esaldia, berak erantzuten du, eta hala, bukaerara arte; duo eginez amaitzen dugu. Beste kantuetan Maddalen Arzallusek eta Xabi Sukiak jarri dute ahotsa, azkenaldian beraiekin hainbat eta hainbat kantu kantatu ditudalako telebistan eta elkarrekin kolaboratzen aritzen garelako. Keinu bat egin nahi nion daukagun konplizitateari, eta gainera, Xabi ere Oriokoa denez, askotan egoten gara elkarrekin. Eneritz Aulestia ere kantuan izan dugu laguntzaile; azken lau diskoetan parte hartu du, laguna eta kantari bikaina delako.
Diskoaren azalaren egilea ere ez da Oriotik oso urrunekoa...
Tira, madrildarra da Suso Mata, baina udaro bizpahiru aste Orion pasatzen ditu. Margolari bikaina da, akuarelak lantzen ditu gehienbat, eta askotan ibiltzen da hondartza edo parrilleroak margotzen, edo mendialdera joan eta Orioren panoramika margotzen. Lagun egin ginen, eta diskoaren gaia bururatu zitzaidanean, burura Pinotxoren irudia etorri zitzaidan; Susori proposatu nion neure irudi batetik abiatuta Pinotxo sortzea. Emaitzarekin ezin gusturago nago.
Doinuei dagokienez, zer azpimarratuko zenuke?
Denak dira bertso doinuak, eta denak dira desberdinak, ez dago neurri edo metrika berdinik: koplak, hamarreko txikia, zortziko txikia eta handia, habanera... dezimak ere egin ditu Andoni Egañak. Batzuetan harmonia oso errazekin funtzionatzen zuten doinuek, beste batzuetan konplikatu egin behar ziren pixka bat, eta horretan kontuz ibili naiz, gerora ere baliagarriak izan daitezen; erritmoa eta prosodia ere zaindu ditut, bertsotarako garrantzitsua dela iruditzen zaidalako prosodia. Xabier Lete zen hemen izan dugun doinu egile prosodikoena; haren bertsoak ia-ia hitz eginez bezala kanta daitezke.
Sorkuntza prozesua luzea izan al da?
Pare bat urte igaro dira. Aurrena bati eskatu bertsoa, hausnartu, gero beste bati eskatu... Gaur egun, ez daukat garai bateko urgentzia proiektuak egiteko [barrez]. Zuzenekoekin ere lasai nabil, emanaldiak pixkanaka eginez, proiektu honekin ahalik eta toki gehienetara iristeko asmoarekin.