Urola Kostako Herriarteko txapelketaren finala jokatu zuten atzo Orion, eta aitzakia aprobetxatuz, egun
osoko egitaraua antolatu zuten. Goizeko 11:30ean elkartu ziren Orioko plazan, eta herrian zehar
bertso-poteoa egin zuten tabernaz taberna. Bertan, finalera pasatu ez diren talde parte-hartzaileetako
bertsolariek abestu zuten. Jende askok hartu zuen parte eta saio politak irten ziren. 14:00ak aldera Gure
Etxea elkartera abiatu ziren, eta babarrun-jana egin zuten talde parte-hartzaileetako eta
bertso-eskoletako kideekin 30 bat lagunek.
Bazkalostean gaztetxera bideratu ziren, eta 18:30ean hasi zen finaleko bertso-saioa. Bertan 70 bat lagun
bildu ziren Zarauzko Allepunta taldearen eta Getariako Arrai Nahastua taldearen arteko saioa
entzuteko. Alde batetik, Zarauzko Allepunta taldeko Julen Zulaikak, Felix Zubiak eta Hodei
Iruretagoienak parte hartu zuten. Bestetik, Getariako Arrai Nahastua taldeko Libe Goenagak, Danel Olanok eta Amets Aizpuruak.
Gai-jartzaile lanetan, berriz, Zarauzko Sendabelarrak taldeko Onintza Gartzia aritu zen, eta epaileak,
berriz, hauek izan ziren: Allepunta taldeko Elisa Iztueta, Arrai Nahastua taldeko Nerea Kamio eta
Sendabelarrak taldeko Unai Muniain. Saio bero eta ederraren ondoren, Allepunta izan zen talde
irabazlea 15 punturekin. Zarauzko Allepunta izango da, beraz, Gipuzkoako Herriartekoan bigarren
fasetik aurrera Urola Kosta ordezkatuko duen taldea. Hurrengo saioa Azpeitiko Zaharrak Berri
taldearen aurka izango du, apirilaren 18an Azpeitiko San Agustinen.