18:30ean hasiko da Orioko Etxeluze gaztetxean Urola Kostako Herriarteko Bertso Txapelketaren finala, eta bertan, Getariako Arrai Nahastua eta Zarauzko Allepunta taldeak arituko dira elkarren kontra bertsotan.
Finala jokatu aurretik, eguerdian, ordea, hainbat lagunek bertso poteoa egin dute herrian. Eguraldia lagun izan ez bada ere, herritarrek ez dute hitzordura huts egin. Herriko plazan elkartu dira, eta hango tabernan zerbait hartu ondoren, Gabon tabernara joan dira. Han, aterpeaz baliatuta, euritik babestu eta laster hasi dira bertsotan.
Eguerdian, bazkaria egin dute Gure Etxea elkartean, arratsaldeko finalera indarrak hartuta joateko.