Ezustean harrapatu ninduten aurreko Aia-Orio Guka aldizkariko tituluak eta iritziak. Hasteko, nire izena zure iritziaren tituluan eta testuan, norbaitek idatzitako pintaketa baten aitzakian. Gero, udaltzainon lanaren, irizpideen eta profesionaltasunaren kontrako baieztapen sorta bat, herriko kartelak eta pintaketak kentzeko ardura eta erabakiak gure bizkar gainean jarriz.
Ez zen zaila halako zerbait idatzi aurretik udaletxera edo Udaltzaingoaren bulegora joatea galdetzeko ea nor arduratzen den pintaketen, graffitien, pankarten eta kartelen berri emateaz, eta zein den haiek kentzeko edo garbitzeko prozedura. Baina errazagoa da eta norbera asebeteago geratzen da, nonbait, bere aurreiritzietan eta gezurretan oinarritutako iritzi bat idatzita. Ardurarik eta kezkarik ez dizu eragiten, nonbait, plaza publikoan besteen lana eta irizpideak arinkeriaz jokatuz auzitan jartzeak.
Idatzi aurretik azalpenak eskatu ez zenituenez, hemen emango dizkizut: pintaketak, graffitiak, kartelak eta pankartak ez dira Udaltzaingoaren ardura soilik. Edozein udal zerbitzuk ematen du haien berri. Eta, jakina, edozein herritarrek du aukera eta eskubidea kartel, irudi edo pintaketen berri emateko.
Behin idazten eta barrenak askatzen hasita, urrun joan zinen: komisario politiko eta zentsore lanak egitea egotzi zenigun, esanez kartel eta pintaketak udaltzainen irizpide politikoen arabera kentzen edo uzten direla. Obsesioa dugu, nonbait: "Udaltzainen begiak, ehiztarienak usoekin nola baitaude prest mezu politikoen ehizan. Ez, ordea, bestelako mezuekin". Salaketa larri bezain funsgabea da. Zerrori ehiztari lanetan hasita, tiroa huts egin duzu.
"Korronte hegemonikoa salatzeko" egiten diren pintaketak omen ditugu jopuntuan. Galdera bat: Orioko korronte hegemonikoa edo Euskal Herrikoa?
Zuk kontatutakoaren arabera, droga poltsa baten irudiak denbora zeraman anbulatorioko horma batean marraztuta, baina udaltzainei ez zitzaien inporta eta horregatik zegoen ezabatu gabe; norbaitek, ordea, Mikal borratu hau jarri zuen, eta "hori agertzearekin bat", poltsaren irudia eta mezua borratu zituzten. Alegia, nahikoa izan zen nire izena jartzea irudia eta mezua ezabatzeko. Ez zenuen esan, baina iradoki zenuen nire edo udaltzainen aginduz ezabatu zirela. Bada, ez. Pentsa, zure testuaren bidez izan nuen droga poltsaren irudiaren eta nire izena aipatzen zuen mezuaren berri.
Bukatzeko, ondo legoke aurreko Gukan idatzi zenituenak idatzi eta gero, handik egun gutxira aurrez aurre topo egin genuenean aurpegira begiratzeko gai izatea.
PD: Nire aldetik hemen bukatu da eztabaida. Jarraitu nahi baduzu, aurrez aurre, mesedez.