Kaleak guztionak direla aldarrikatzen du etengabe feminismoak. Tamalez, aldarrikatzen jarraitu behar. Gure herriko paretek ere horixe bera aldarrikatzen hasi beharko dute. Batetik, eragile batzuen kartelak behin eta berriz kentzen dituztelako eta, bestetik, spray denek ez dutelako balio bera. Bazterreko ahotsen tresna erabili izan dira paretak, bertan kartel, pegatina eta errotulagailuz salaketak edo aldarriak egiteko.
Orion ere horrela izan da, baina, tamalez, gutxi irauten dute. Ez, behintzat, zakil edota droga poltsek adina. Korronte hegemonikoa salatzeko egiten den pintada orok orduak irauten baititu, berdin du salaketa zuzena zein poetikoa egin edota umorea erabili, azkar pasako diote gainetik brotxa lodia. Udaltzainen begiak, ehiztarienak usoekin nola baitaude prest mezu politikoen ehizan. Ez, ordea, bestelako mezuekin. Azkenengo pare bat adibide aipatzearren: "Oi gure herria zer hintzen eta non hago" mezuak pare bat egun iraun zituen, eskerrak Benitoren hitzak erabili ziren. Amnistiaren aldeko mezuek, orduak.
Kontrara, urteak dirauten zakilak daude kaletik, eta eraiste lanetan dauden frontoiko sarrerako Martxoak 8aren aldeko margolanak, azkar eduki zituen sabotaiak, eta urteetan mantendu dira. Dozenaka adibide gehiago daude, baina azken boladan esanguratsua izan den bat aipatuko dut; izenburuan diodan bezala, norbaitek anbulategiko paretan "Mikal borratu hau" idatzi zuen. Zergatik? Bada, pareta horretan, beste batzuetan bezala, droga poltsa baten irudiak denbora zeramalako marraztua eta horrek, itxuraz, udaltzainei gutxi inporta.
Ondorioz, droga poltsa borratu zezaten herriko udaltzainburua aipatzen zen mezua idatzi zuten, eta hori agertzearekin bat, borratu zituzten mezua, eta poltsa. Jendeak bere haserrea adierazteko tresna dira pintadak. Beraz, orduak iraungo badituzte ere, seguru nago herritarrek spraya hartzen jarraituko dutela: euskaldunak garela adierazteko, errepideko gaztelerazko mezuak ezabatzeko, abertzaletasuna lantzeko, matxismoa eta arrazakeria salatzeko edota torturak, atxiloketak zein bestelako errepresio formak salatzeko.
Ez gaitezen Orioko erretegi pinpirinetan jan eta hondartzarako pasioan ahanzturan galdu, eta gogora dezagun zein garen, nondik gatozen eta nora nahi dugun joan. Milaka errepresio forma jasan dituen herri kolonizatua garelako. Zeren bai, hemen torturatu da, bost mila pertsonatik gora Euskal Herrian, zeren bai, demokrazian diktaduran baino gehiago torturatu da, zeren bai, Ertzaintzak torturatu du; 2000. urteaz geroztik, Guardia Zibilak beste, edo gehiago. Zeren bai, Orion ere euskaldunon eskubideak zapaltzen dira. Zeren bai, Orion gazte matxistak dabiltza kalea bereganatuta beldurra ezartzen. Zeren bai, Oriori kiratsa dario, eta kale eta paretetan adieraziko dugu haserrea.