Oriotarrek herriko kaleak hartu dituzte gaur, Martxoaren 8an, egindako manifestazioan. Orioko Mugimendu Feministak deituta, Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatu dute irmoki. Ibilbidea Herriko Plazan hasi dute, eta Eusko Gudarien kaletik barrena, Bikamiotako biribilgunera iritsi dira. Hortik abiatuta, geldialdia egin dute Lourdes del Hoyoren omenez margotutako banku morean. Bertan, pare bat bertso eskaini dizkiote del Hoyori.
Banku moretik berriro plazara itzuli dira, eta bertan, irakurketa politikoa egin dute. "Askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguruan iritsi gara, beste urte batez, Martxoaren 8ra. Eta urtero bezala, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok, arrazoiak soberan ditugu kalera ateratzeko". Lehenik eta behin, gogora ekarri dute duela aste bete, Sarrigurenen (Nafarroa) gizon batek eraildako emakumea, Tatiana, eta larri zauritutako beste emakumeari ere "ahalik eta azkarren osatzeko indarra" bidali diote.
Era berean, "elkartasun eta babes besarkada bana" bidali die "erresistentzian eta borrokan" dabiltzan munduko feministei, besteak beste, Palestina, Venezuela, Sahara eta Kurdistaneko emakumeei. Halaber, "beldurra gailentzen ari den garai honetan" irmoki salatu dute "kolpatzen gaituen sistema kapitalista, zis hetero pratiarkal, kolonial eta arrazista".
Azken urteetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik martxan jarritako borrokak zerrendatu dituzte: indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahalegina, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko greba feminista orokorra edota tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak. "Urratsak ematen ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko. Baina, batez ere, asko dute egiteko instituzioek, patronalek, gizonek.. urgentziaz diogu: hartu behar dituzuen ardurak!".
Martxoaren 8an kalera atera diren arren, hilabete honetan "borrokarako" beste data ugari daudela gogoratu dute, eta horien artean, denetan, parte hartzeko dei egin die herritarrei, "arduraz eta indarrez", hain justu. Aipatu duten lehen data martxoaren 17a izan da, Sindikatuek deitutako greba orokorrarena, zehazki.
Ondoren, martxoaren 21a, Arrazakeriaren Aurkako Eguna, ekarri dute gogora. "Zuriok asko dugu egiteko oraindik, dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko", esan dute egun horren harira. Hurrena, martxoaren 30a izango da, Etxeko eta Zaintzako Langileen Eguna, hain zuzen ere. "Zaintza prekarietatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun". Egoera horren aurrean, "zaintza sistema publiko bat" aldarrikatu dute, baita "pribatizazioarekin amaitzeko" ere.
Azkenik, martxoaren 31a azpimarratu dute, Trans Ikuspenaren Nazioarteko Eguna. "Trans pertsonen eskubideen alde, kalera ateratzeko eguna da. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baitira, baina ez gara soilik gorputz zapalduak; alternatiba gara, eta hori aldarrikatzera aterako gara".
Irakurketari amaiera emateko, "feminismotik beste mundu bat lortzeko, armarik indartsuenak antolakuntza eta borroka" direla azpimarratu dute. Gainera, elkarretaratzean gogoan izan dituzte Orioko emakume arraunlariak, eta horiek bizi duten "zapalkuntza" gaitzetsi dute.