Gaur, Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta aurten ere, Orioko Udalak bat eging du mugimendu feministaren deialdiarekin.
Udalak azpimarratu du azken urteetan, "berdintasunaren bidea estutu nahi duten diskurtsoak" indartzen ari direla, "indarkerien dimentsioa arinduz eta feminismoa zein berdintasun politikak zalantzan jarriz", hain justu. Errealitate horren aurrean, gaurkoa "eskubideak defendatzeko eta aurrerapausoak sendotzeko" eguna izango dela aldarrikatu du.
Halaber, udalak "eraldaketa feministaren beharra" berretsi nahi du, eta eraldaketa hori "politika publikoetatik" ere egin behar dela azpimarratu du: "udalerritik, egunerokoan, herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituzten erabaki, neurri eta zerbitzuen bidez", zehazki. Horregatik, berdintasun politikak sendotzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi du udalak, "indarkeria matxistaren prebentzioan, hezkidetzan, emakumeen ahalduntzean eta zaintza lanen aitortzan eta eraldaketan eragiten jarraitzeko".
Mugimendu feministak Beste mundu bat feminismotik lelopean egin du mobilizaziorako deia, erronka argi batekin: "askotariko indarkerien eta diskriminazioen areagotzearen aurrean, feminismoa eta antiarrazismoa oinarri dituen mundua eraikitzea".
Halaber, udalak gogora ekarri du aurten Emakundek, Foru Aldundiek eta EUDELek egindako Eman lekua berdintasunari. Jarrai dezagun emakumeen eskubideak esparru guztietara zabaltzen kanpaina. Egitasmo horren helburua da berdintasuna "egunero zaindu, babestu eta zabaldu beharreko espazioa" dela gogoraraztea.
Hori horrela izanda, udalak gaur mugimendu feministak egindako deiarekin bat egiteko gonbidapena egiten die herritarrei. Hain zuzen ere, 10:30ean hasita, txokolatada egingo dute Herriko Plazan, eta 13:00etan manifestazioa abiatuko da bertatik.