Inauteriak 2026

Eguraldi txarrak eraginda, aldaketak izango dira inauterietako biharko egitarauan

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 13a

Iazko inauterietako karroza lehiaketako irabazleak, Herriko Plazan, koreografia dantzatzen. (Aritz Mutiozabal)

Azken urteotan bezala, herriko eragileek eta udalak egun osoko egitaraua prestatu dute, baina eguraldi txarra iragarri dutenez, aldaketa batzuk egin dituzte programan, gaur eguerdian jakinarazi dutenez. 

Eguraldi oso txarra iragarrita dago biharko, eta horregatik, Orioko Udalak eta eragileek erabaki dute aldaketa batzuk egitea biharko inauterietako egitarauan. Hala jakinarazi dute gaur eguerdian. Desfilea egin ala ez, ordea, bihar goizean bertan erabakiko dute. Gainerakoan, honakoa izango da aurtengo egitaraua:

  • 11:00. Desfilea, Bikamiotatik abiatuta. 09:00etan jakinaraziko da desfilea egiten den edo ez, udalaren sare sozialen bitartez.
  • 14:30. Herri bazkaria, kiroldegian.
  • 17:00. Mozorro eta dantza festa kiroldegian. Herriko Plazan egitekoa zen festa kiroldegira lekualdatu da. Herri bazkarian parte hartzen ez dutenek ere aukera izango dute kiroldegira hurreratu eta festaz gozatzeko, parte-hartzaile edo ikusle modura.
  • 19:00. Orioko Txaranga, kiroldegian. Bertan abesti batzuk jo eta gero, eguraldiak laguntzen badu, kalejira Herriko Plazaraino.

Udalak, bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkio Txurrumuski aisialdi elkarteari, "aurten ere inauterien antolaketan buru-belarri ari direlako, eta biharko egunean moldaketak egiteko izan duten prestutasunagatik".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide