Iaz bezala aurten ere, dantza eta kantu ikuskizuna antolatu du Txurrumuski Kultur eta Aisialdi Gazte Elkarteak Inauterietarako. Festa otsailaren 14an ospatuko dute, larunbatarekin, eta elkarteak egun osorako egitaraua prestatu du.
Hori horrela, dei egin die adin guztietako herritarrei ekitaldian parte hartzera, "nahi duzuen mozorro, talde eta abestirekin". Herritarrek, aukeratutako abestiarekin, nahi duten ikuskizuna eskaini ahalko dute, besteak beste, dantza, antzerkia edo karaokea.
Emanaldiak arratsaldeko 18:00etatik aurrera hasiko dira, Herriko Plazan. Izena ematerako orduan, taldearen izena eta abestia jakinarazi beharko zaie antolatzaileei. Epea otsailaren 8ra arte egongo da zabalik, eta Ametsa gaztelekuan edota Ludotekan egin daiteke, baita txurrumuski@txurrumuski.org helbidera idatzita ere. Bestalde, elkarteak jakinarazi du sariak banatuko dituztela parte hartzaileen artean.