Jorge Oteiza eskultorearen bueltan Oskar Alegriak ondutako Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoa plazaratu zuten atzo, ostirala, Orion. Ehundik gora lagun elkartu ziren Kultur Etxeko aretoan, eta Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko presidenteak Danok Oteiza egitasmoaren inguruan aritu zen lehenbizi. Izan ere, Alegriak propio egitasmo horrentzat sortutako ikus-entzunezkoa da atzo aurkeztutakoa.
Alegriak berak aurkeztu zuen gero azken hilabeteotan ondutako lana. Kultura eta arte arloko hamalau artista elkarrizketatu ditu egileak ikus-entzunezko pieza osatzeko, eta bertan izan ziren horietako batzuk ere. Emanaldia amaitu berritan hitza hartu zuten horietako batzuk, tartean, Bernardo Atxagak.