Orioko eguneko zentroko langileek jasoko dute Herritarren Aitortza

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 13a

Orioko eguneko zentroa. (Guka)

Hala erabaki du epaimahaiak, eta udalak esan du "albiste oso pozgarria" dela, Orio "herri zaintzailea izateko bidean, urrats garrantzitsua" delako "aitortzea eguneko zentroko langileek egunerokoan egiten duten lana".  Ekitaldia ostiral arratsaldean izango da, Kultur Etxean. 

Orioko Udalak ostiral honetan egingo du Herri Aitortza ekitaldia, 19:00etan Kultur Etxean, eta erakundeak gaur jakinarazi du zeinek jasoko duen aurten omenaldia: Orioko eguneko zentroko langileek. Hala erabaki du epaimahaiak, eta udalak esan du "albiste oso pozgarria" dela, Orio "herri zaintzailea izateko bidean, urrats garrantzitsua" delako "aitortzea eguneko zentroko langileek egunerokoan egiten duten lana".

Herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldira, "zaintzaren arloan egiten ari garen bide partekatuan, eta prozesu honetan herritarrek duten paper garrantzitsua kontuan hartuta". 

Iaz hainbat omendu

Orioko Udalak iaz egin zuen aurrenekoz Herri Aitortza ekitaldia, urtean zehar nabarmendu diren oriotarrak omentzeko. Bai iaz, bai aurten, herritarrek proposatu dituzte omenaldia jasotzeko merituak egin dituzten norbanakoak zein taldeak, eta ondoren, epaimahai batek hartu du erabakia, arau edo oinarri zehatzak jarraituta. 

Iaz, Itziar Oliden merkatari ohia, Libe Arruabarrena eskubaloi jokalaria, Dani Barrenetxea eta Mari Karmen Oliden Talaimendi mendi elkarteko ordezkariak, eta Benito Lertxundi abeslaria omendu zituzten. Hemen ikus daiteke iazko ekitaldiaren bideoa

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide