San Nikolas jaiak 2025

Eta festen erdian... arraun apustua

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 8a

Atzo ezusteko ekitaldi batek egin zuen bere tokia San Nikolas festen egitarauan: lagun talde baten arteko arraun apustuak. 17:00etan jarria zuten hitzordua errioan, Salatxo parean, eta jendetza gerturatu zen erronka jarraitzera.

San Nikolas bigarrena zen atzo, eta festetako egitaraua bete-betea zen goizetik gauera. Herri bazkarian, esaterako, ia 300 lagun elkartuak ziren. Arratsaldean, ordea, egitarau ofizialetik kanpoko ekitaldi batek erakarri zuen jende mordoa: herriko lagun talde baten arteko arraun apustuak.

17:00etan jarria zuten hitzordua errioan, Salatxo parean. Irabazleek bandera eta afaria eskuratuko zituzten; galtzaileek, afariaren faktura.

Puntual agertu ziren bi ontzi horiak uretan, bi trainerilla. Ontzi bakoitzean, sei arraunlari eta patroia. Eta gauzak ondo egiten zirela ziurtatzeko, Orio Arranketa Elkarteko bizpahiru arraunlari, zodiacarekin. 400 bat metroko bi joan-etorri egin zituzten, ziaboga eta guzti, errio bazterrean juntatu zen herritar mordoaren txalo eta animo oihu artean. Jendetza gerturatu zen, izan ere, erronka jarraitzera.

Irabazleek nahiko aise lortu zuten garaipena, eta galtzaileek kiroltasunez hartu zuten porrota. Bandera astindu eta arraunak altxata amaitu zen ikuskizuna, umore onean, eta egitarau ofizialeko ekitaldiekin jarraitu zuten sanikolasek. Ikusi beharko hurrengo urtean izango al den errebantxarik...

Gaur amaituko dira ostiral iluntzean abiatutako festak. Honakoa da egitaraua:

Gaur, San Nikolas hirugarrena

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa-ko eskaileretan.
  • 11:00. Haurrentzat Euskal Herriko jostailuen inguruko lantegia eta jokoak, Herriko Plazan.
  • 12:00. Kantujira herritar talde batek antolatuta, kalez kale.
  • 13:00. Orio Arraunketa Elkartearen banderen bedeinkapena elizan, eta ondoren, bazkaria.
  • 13:00. Gure Sukaldetik-en eskutik bazkaria, txosnetan.
  • 16:00. Herri kirol parte hartzaileak haurrentzat eta gazteentzat, Herriko Plazan.
  • 17:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik, Heriko Plazan.
  • 17:00. Erraldoi eta buruhandi eta trikitilariekin kalejira kalez kale.
  • 18:00. Talo jana, Herriko Plazan.
  • 19:30. Muxutruk erromeria taldearen kontzertua, Herriko Plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide